'Birika bezain elastikoa'
Urte bete pasa da aurreko urteko Situ-akzioak programaren baitan Maria Jerezek gidatutako Herri bat behar da mendi bat altxatzeko erakusketa burutu zela. Eta urtebeteren ondoren, pozik esan dezaket programa beraren baitan, Tabakalerako espazio berean, ekimen berri baten aurkezpena egin dutela. Kasu honetan, Ana Irina Russell artista gonbidatuaren eskutik Birika bezain elastikoa proposamena dator. Eta pozik diot hori, instituzioetan modu honetako programen bizirautea bermatzea maiz ez delako hain erraza izaten. Eta beraz, garrantzitsua da urtez urte aurrera eramatea eta gauzatzea lortzen den proposamen bakoitzari aintzatespena ematea.
Situ-akzioak —inork oraindik ezagutzen ez badu ere— Tabakalerak aurrera eramandako programa bat da, haurrek arte garaikidearekiko bestelako harremanak garatzea ahalbidetzen duena. Horretarako, arte-instituzioak artista bat proposatzen du, eskoletako haurrekin zuzeneko hartu-emanean erakusketa proiektu bat garatu dezan; eta horrela haurrek prozesu horretan rol aktiboa izaten dute, eta erakusketaren garapena beraien sortze prozesuaren emaitza ere bilakatzen da. Honela bada, haurrek eta bisitariek, normalean arte garaikidearekiko izan ohi dugun harreman konbentzionaletatik aldendurik —alegia, ikusle soil izatetik urrunduz— eta sorkuntza prozesuaren parte izanik, artearekiko askoz ere harreman hurbilagoak eta pertsonalagoak garatzeko aukera sustatzen du programak. Honaino, beraz, ezin interesgarriagoa dirudi kontuak.
Baina programak pauso bat gehiago ere ematen du, eta bere emaitza materialari dagokiona da hori. Izan ere, erakusketa —behintzat azken bi proposamenetan—, ikusteko objektu hutsez eratua egon ordez, erabiltzeko espazio bilakatzen baita. Aretoetara sartzeko zapatak eranztea beharrezkoa da, eta behin bertan zaudela, espazioaren parte bilakatzen da bisitaria, proposamenaren parte. Ikusi dezake, bai, baina ikusi soilik egiten duena laster voyeur-aren paperean sartuko da: ez baititu artelanak behatuko, baizik eta bisitariek artelanekin duten zuzeneko interakzio sentsoriala; gorputzetik eginikoa. Beraz, ez da soilik artelanekin bisitariek duten harreman konbentzionaletik urruntzen den prozesua, baizik eta baita erakusketa espazio tradizionaletako jarrera konbentzionalak zalantzan jartzen dituena ere. Eta arrakasta ikaragarria da: gelako edukiera beteta, eta hainbat haur, behin bertan daudela, beste erakusketetan ere sartzen dira —ohikoa ez dena—.
Saiatu naiz ideiak laburtzen; baina hain iruditzen zait interesgarria proposamena, zail egiten zaidala. Eta aurreko urtean programa honen baitan gauzatutako erakusketari buruzko kritikan argitaratutako ideia berak errepikatzearen zarpailkerian erortzeko arriskua badut ere, aukeran, nahiago dut zarpaila izan, baina ideiak garbi utzi.
Situ-akzioak programa 2018an jarri zuten martxan, baina orain dela hiru urte aldaketa esanguratsua izan zuen: Tabakalerako hezkuntza sailak antolatzen zuen ekimen huts bat izatetik, inguruko bi eskoletako agendan txertatu da, eta gainera Instituzioko erakusketa programazioan ere bere lekua hartu du. Eta aldaketak, baten bati tontakeria iruditu dakiokeen arren, gutxi du ezdeusetik. Izan ere, eskoletako agendan txertatzean, badirudi artea denbora-pasa hutstzat hartzeari utzi —zoritxarrez oraindik ere eskola askotan duten ikuspegia— eta ezagutza erdiesteko esparru gisa aintzatetsi dutela, eta, beraz, ikasle gazteei ere ideia bera transmititzeari ekin diotela praktikaren bidez.
Zaila da, aurrez esan bezala, arte instituzioen programazioan halako aldaketak txertatzea, baina baita eskoletako programazioetan modu iraunkor batez modu honetako ekimenak gehitzea ere. Dena den, zoragarria litzateke proposamen hau eskola pare batekin egiten den ekintza anekdotikoa izatetik beste arte instituzioetara ez ezik beste eskola eta adin-tarte zabalagoetara ere hedatzea.