KRITIKA. Donostiako 84. Musika Hamabostaldia

Esentzia bat eta bakarra denean

Barrokensembleren kontzertua, herenegun, Kursaalean. MUSIKA HAMABOSTALDIA.
2023ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun

Euskal Barrokensemble

Egitaraua: Amodio sorgina: Manuel de Fallaren musikaren muin: M. de Falla, D. Cantemir, G. Sanz, N. Matteis, J. Rodrigo, Girolamo Kapsberger eta Antonio de Santa Cruz. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: abuztuaren 28a.

 

Sei urte dira Euskal Barrokensemble taldeak Manuel de Fallaren Amodio sorgina obra ezagunaren berezko bertsioa sortu eta diskoa kaleratu zuela. Nazioartean ospe eta arrakasta handiko lana izan da, eta azkenik, Donostian lehen aldiz entzun ahal izan da zuzenean, Musika Hamabostaldiak Viktoria Eugenia antzokian antolatutako kontzertu bakanetako batean.

Gau berezia, zalantzarik gabe, eta neurriko omenaldia herri musika inspirazio iturri seriotzat hartu zuen konpositoreari. Izan ere, XX. mendearen hasieran, De Fallak Andaluziako erro musikalak miatu eta osatu zituen Amodio sorgina sortzearekin batera, Pastora Imperiok bildutako elezaharrak oinarri hartuz. Hala, Euskal Barrokensembleren proposamenak De Fallaren obra musika herrikoiarekin zein musika klasikoaren izpiekin uztartzen ditu, flamenko kantari bat eta dantzari bat lagun, eta instrumentu barrokoekin. Nahasketa bitxia dela pentsa liteke, baina, egiaz, kasu askotan, historian zehar oso lausoa da klasikoaren eta tradizioaren arteko muga.

Askotariko eraginak jasotzen dituen muin horretan kokatzen da asteleheneko emanaldia, musikari aparten eskuetan bidegurutze oparoa. Hasieratik presente zegoen musika amalgama, Amodio sorgina-ren lehen eszena eta Dimitrie Cantemirren musikak duen kutsu otomandarraren nahasketa aberatsean. Eta berehala agertu ziren Maria Jose Perezen ahotsean flamenkoaren kolore guztiak, erregistro zabala eta garbia, xuxurlak eta urratuak. Maria Morenoren mugimendu zein begirada hipnotikoak ere espazioaz eta denboraz jabetu ziren Pantomima zatian. Musikariak ere bikain, moldaketetan zein inprobisazioetan, soilik ezagutza sakonak eta jakiteak ematen duten jolaserako jarreran; nola liteke, bestela, Danza ritual del fuego eder eta basati hori. Eta Solinis, betiko lez, distiratsu eta lasai bakarkako zatietan, Gaspar Sanzen Canarios bizian, kasu batera.

Nazionalismo musikalaren bultzatzaile nagusienetakoa izan zen De Fallaren unibertsoan murgiltzeko unea. Nahi adina jatorri izan baititzake nazio bakar batek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.