'She chef'
Zuzendaria: Melanie Liebheit eta Gereon Wetzel.Herrialdea: Alemania eta Austria. Iraupena: 105 minutu.Agnes Karrasch sukaldaria labanak saltzen dituzten denda batean dago. Labana japoniarren atala erakusten ari zaio dendaria, baina Agnesek berehala adieraziko dio: ezkerra da, eta laban horiek eskuinentzako daude eginak. Oraindik ere gizonen mundua den goi mailako sukaldaritzan bere txokoa topatu nahi duen emakumearen bidaiaren metafora ezin hobea.
2018an irabazi zuen sukaldaritza kopa Agnes Karraschek, Austriako talde gaztearekin parte hartuta. Ordutik, stagier bezala arituko da herrialde desberdinetako Michelin izardun jatetxeetan: Vendo?me jatetxea, Alemanian; Disfrutar, Bartzelonan; eta Koks, Faroe uharteetan. Melanie Liebheit eta Gereon Wetzel zinemagileak izango ditubidaia horretan lagun Agnesek, bere ibilbidea dokumentatuz.
Urtero saiatzen naiz Culinary Zinemako film bat ikusten, dokumentalak beti, eta sukaldaritza erdigunean duten istorio hauekin asko gozatzen badut ere, alderdi bat errepikatu egiten da: protagonista gehienak gizonezkoak dira, jada arrakasta lortu duten gizonezko chefak. Era berean, kontakizunak gastronomiaren edo jakien inguruan eraikitzen dira, plater jakin batzuen berezitasunak azalduz, teknika berri baten zailtasunak erretratatuz. She chef-ek beste bide bat darama. Agnesek ez du Michelin izarrik, ikasten ari den sukaldaria da, eta filma bere lekua aurkitu nahi horretan zentratzen da.
Liebheit eta Wetzelek ez dute olio apar edo esferikoen plano ikusgarririk grabatu. Olio aparrak eta esferikoak egon badaude, baina filma ez da teknika berritzaile hauekin liluratzen. Orokorrean, artistikoki, kreatiboki berritzailea ez den dokumentala da; eta zinematografikoki ere nahiko xumea dela esan daiteke. Baina sukaldaritzaren eta batez ere Michelin izarren sukaldaritzaren alderdi identifikagarriago bat erakusten du, gertukoagoa.
Anbizioa eta gogor lan egitea alde batera utzi gabe, Agnesek argi du eroso sentitzen den leku batean lan egin nahi duela, aldamenekoa zapalduz gora egiten ez den sukaldean; eta unea iristean familia bat osatu nahi duela, nahi horrek emakume chef bat izatearekin duen bateraezintasunaz oso kontziente izanik ere. Esfortzua, sakrifizioa eta zenbaitetan egoak goraipatzen diren inguru batean, nahikoa apurtzailea da.