Kritika

Espazio abstraktuak

Ikuslearen pertzepzioarekin zuzenean lotutako margogintza lantzen du Ismael Iglesiasek. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Mikel Onandia Garate.
2011ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Artea

'My Way, No Way, Anyway'.Ismael Iglesias.

Non: Portalea kultur etxea (Eibar).

Noiz arte: otsailaren 13ra arte.

Askotan diskurtso teorikoa edo gutxienez tesi funtsatu bat izatea eskatzen diegu erakusketei. Ordea, zenbaitetan, ez dago horrelakoen beharrik, eta artelanak berak hartzen du, inongo laguntza barik, bestetan teoriak duen lekua. Ismael Iglesias (Durango, 1974) artistaren azken mostran ez dugu paretetan azalpenik aurkituko, ez eta margolanen ondoan horien izenburu edo data zehazten duen txartelik ere; horma eta kolometan soilik pintura lanak daude, hori baita, margogintza bere baitan, protagonista nagusia. Erakusketa, azken hamar urteetan gauzaturiko lanekin osatua, margolari bizkaitarraren ibilbide piktorikoaren ibilbide bisual polita dugu. Dudarik ez, abstrakzioa da nagusi Iglesiasen lanean: pintura modu jostagarri, koloretsu eta konplexua dugu, ikuslea hotz uzten ez duten horietakoa.

Lan hauetan margogintzaren osagai funtsezkoenak —formak eta koloreak— maisutasunez tratatzen ditu, bakoitzaren posibilitateak muturrera eramanez. Lanak beraien artean arras ezberdinak dira sarritan, baina denek dute antzeko kutsua; Iglesias espazioak sortzeko imaginario eta simulakro ideien artean mugitzen da, eta forma eta kolore tonu ezberdinen arteko nahaste zein konbinaketen bidez, irudi-fikzio berriak sortzen ditu. Orotariko dimentsioetako lanak daude bertan, neurri txikiko serie batzuk, eta baita beste batzuk oso handiak ere; dena den, oro har, gehientsuenek tamaina handi samarra agertzen dute, bere garaian Espresionismo abstraktuak bilatzen zuena, alegia, ikuslea barne hartu eta bere baitan sentiaraztea, lortuta.

Esan bezala, neurri batean pintura modu alaia dugu, koloretsu eta jostagarria; halere, ez gara halako irakurketan geratu behar. Lehen lanetan ebokazio biologikodun forma sasiorganikoak dira nagusi, eta formalki mugimendua handia agertzen dute. Oro har, teknikoki lan oso zainduak dira, bukaera oso finekoak. Koloreei dagokienez, oso biziak, izan puruak edo nahastuak, horien arteko osagarritasunarekin jolasten da artista behin eta berriz. Halaber, denak lan zehatz eta oso landuak izan arren, hasierakoek gestualitate kutsu eta kromatismo handiagoa dute, eta azkeneko pintura angelutsuagoa eta kromatismo murriztuagokoa da—zerebralagoa dugu agian, baina ez horregatik hotzagoa—. Gehiago esango nuke, Iglesiasek erakusketako puntu gorena bere azken lanetan agertzen du: kolore tonuak puruagoak dira, formak zorrotzagoak eta zenbaitzuetan konposizioa konplexuagoa; eta era berean, indar handikoak ditugu.

Konposizio sinpleenetik konplexuenera, funtsean ikuslearen pertzepzioarekin zuzenean lotuta den margogintza dugu. Aipu jakinik gabe, neurri batean telebista, zinema zein ordenagailuak ahalbidetutako imaginario estetikoan du inspirazioa. Hala, kultura digitalaren erreferenteak jarraituta, eta zenbaitetan errealitatea birtuala balitz bezala, planoaren baitan espazioa sortzen du Iglesiasek, ez Berpizkundeak garatu zuen perspektiba matematikoaren bidez, bestela baizik: forma geometrikoak, zirkuluak, karratuak, bata bestearen gainean agertzen zaizkigu, espazio tradizionalenaren hautematea aldarazi eta espazioari testura emanez. Planoen arteko jolasek eta lauaren eta sakontasunaren arteko erlazio anbiguoak —zenbaitek Op-art tradizionaleneko lanak gogorarazten dizkigute— ikusleon begirada engainatzen du. Hala, lan batzuetan, abstrakzioaren baitan tridimentsionalitatea lortzeko balioa onartu behar zaio Iglesiasi. Margoek ikuslearentzat desasosegu puntu bat izatea bilatzen duela dirudi; izan ere, esan genezake ikuslea zirikatzea asmo duela, eta neurri batean lortzen du halakorik.

Erakusketan bertan, Prácticas bastardas izenburupean, artistaren azken proiektua aurki genezake. Margogintza tradizionalenetik urrundu eta argazki euskarriko irudiak sortu ditu oraingoan, collageak balira bezala; hainbat iturritatik —aldizkariak, orotariko publikazioak eta abar— aukeratutako imajinekin eta ezabatutako testuekin konposaketa berriak garatu ditu, sortze prozesuan bestelako irudi eta baliabideen bidez —zinta itsaskorra, kasu— jatorrizko irudien esangurak moldatu eta esanahi eta inplikazio berriak sortuz. Bere ohiko margolanak baino kontzeptualagoak dira lan hauek, eta inguratzen gaituen errealitateari eta arte munduari eginiko erreferentziak etengabeak dira.

Funtsean, hizkuntza piktorikoa, margogintzaren esentzia da nagusi mostra honetan. Ismael Iglesiasek bere ibilbide artistikoan zehar hizkuntza propioa eraiki eta garatzea lortu du, unibertso pertsonal bat sortzeraino, eta heldutasun puntu bat nabari da bere lanean. Batzuetan atseginagoak, bestetan asaldagarriagoak, lan asko ondo garatu eta taxututa daude, eta gustu kontuak gora-behera, zenbaitek indar estetiko nabarmena agertzen dute. Pinturagintza gustuko dutenentzat mostra zinez interesekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.