'Hall Pass'
Zuzendaria: Peter eta Bobby Farrelly. Aktoreak: Owen Wilson, Jason Sudeikis, Christina Applegate. Herrialdea: AEB. Iraupena: 105 minutu.
Garai bateko oihartzunik gabe, Farrelly anaiek komedia estatubatuar garaikideari beren ekarpena pertsonala egin nahian segitzen dute. Hall Pass orain dela hamabost urte hasi zuten norabidean urrats berria da.
Argi dago: gaur egun ezin zaie Peter eta Bobbyri orijinaltasunik eskatu. Biek ongi dakite zein den haien eremua, eta pelikulaz pelikula horren barneko aldaerak eskaintzen dituzte. Alde horretatik, oso eskertzekoa da bi zuzendariek agertzen duten zintzotasuna —akaso erregistro falta ere izaten ahal dena—, haien kide askok ez bezala ez dute eskainiko agindu ez dutena. Aldeko zein kontrako guztiekin, farrellytarrek estilo propioa eraiki dute, eta nobedadea litzateke hortik ateratzea.
Jarraikortasun horri esker, inor baino hobeto kontrolatzen dute haien mundua ulertzeko kodea, ikusleak nahiko ongi daki zein umore mota eskaini behar dioten eta horretan Hall Pass-ek ez du huts egiten. Sexuaren gaineko mota guztietako txisteak, eskatologia tanta batzuk eta astakeriaren bat dira nagusiki film berriak eskaintzeko duena. Orain dela hamar-hamabost urte ere halatsu zen.
Hala ere, zuzendari bikoteak bere ironia zertxobait bigundu duela nabaritzen da. Ez dira garai bateko gehiegikeriak ikusiko film honetan, beharbada zahartzen ari direlako, beharbada pelikulak finantzatzeko garai zailak direlako. Ez dira oraindik komedia erromantikoaren armiarma sarean erori, baina Hall Pass-ekin hurbilketa susmagarria egin dute.
Komedia eta akzioa
Gag solteak dira filmak duen indargunea; horietako batzuetan —lagun pijoen etxeko sekuentzia edo tabernako ligatze saioa, besteak beste— biltzen da bere onena, protagonista bikote on batek lagunduta. Garai bateko Wes Andersonen kutuna izatetik erregistro ugariko aktorea izatera pasa da Owen Wilson. Horren lekuko da Woody Allenen azken pelikulako protagonista izatea.
Erdialdetik aurrera, egitura narratiboa zertxobait aldatu eta hasierako gag sortaren lekuan, komedia eta akzio osagaiak nagusitzen hasten dira. Horrekin batera, mezua gero eta garbiago gelditzen da, gizonezkoen ahoberokeria neurrigabekoa.
Orain dela bi urte horren arrakastatsua izan zen The Hangover filma etorriko zaio burura ikusleari, bereziki pelikularen azken zatian. Baina kasu, honakoa kopia bat dela esan aurretik, pentsatu behar da ea Todd Philipsek ez ote zuen farrellytarrak betidanik egiten ari zirena bereganatu eta molde garbi eta politikoki zuzen batez ikusleria zabal bati eman.
Kritika. Zinema
Estilo ariketak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu