Kritika. Opera

Eta... Hiru

2013ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
'La forza del destino'

Egilea: Giuseppe Verdi.Abeslariak: Roberto Aronica, Chiara Taigi, Vladimir Stoianof, Iufgen Orlof, Bruno de Simone eta Ana Ibarra.

Abesbatza: Bilboko Opera Koroa. Musikariak: Parmako Operaren Orkestra.

Musika zuzendaria: Pietro Rizzo. Eszena zuzendaria: IgnacioGarcia.

Eguna: Azaroak 16.

Lekua: Bilboko Euskalduna jauregia.

Soilik zazpi izenburu dauzkan denboraldi honetan Giussepe Verdiren hiru lan jarraian ematea asko iruditzen zaigu; eta, joan den larunbatean, italiarraren La forza del destino operaren txanda izan zen. Baina, beharbada, horrela programatzeko OLBEk estetikoak ez diren beste arrazoi batzuk izango dituelakoan gaude. Dena den, gure iritzian, baliabide desberdinak kontuan hartuta, antzezpenak oreka izan du; bestelakoa izango litzateke zein mailatako oreka izan zuen. Esaterako, Roberto Aronica tenorrak txaloaldia jaso zuen, kalitatezko ahotsa duelako eta kantaldia bete zuelako —batez ere goi tesituran—. Baina haren ahotsa egokiena da rol horretarako?

Halaber, Chiara Taigi sopranoak grina, dotorezia eta kolorea azaldu zituen emakume tragikoaren rolean, baina bere ahotsak ez zuen eduki rol dramatikoak exijitzen zuen zabalera eta bolumena. Beste horrenbeste esan liteke Vladimir Stoianof baritonoaren kasuan: haren grinak eta lerro-kantuak zalantzarik ez daukate, baina haren zabalera eta bolumena ez ziren egokienak Don Carlorena egiteko. Aldiz, asko gustatu zaigu Ana Ibarra sopranoa emakume ijitoaren rol eskergarrian, eta ez horrenbeste Iufgen Orlof baxua. Ordea, Bruno de Simone baxu bufoak asko egin zuen argitasuna eta arintasuna emateko haren fraseatze barregarriari.

Bilboko Opera Koroak primerako kantaldia egin zuen. Musikarien arloan, Pietro Rizzo zuzendariak berebiziko interpretazioa egin zuen Parmako Opera Orkestra onaren aurrean. Eta Ignacio Garcia eszena zuzendariak bere lagundu zion diskurtso musikalari; batez ere eszenografia eta pertsonaien kokapenagatik. Ez horrenbeste, ordea, 1936ko gerrari egindako aipamen jarraikorren kasuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.