Arte mota
Euskadiko Ikasleen Orkestra
Zuzendaria: Iker Sanchez. Biolin jotzailea: Julen Zelaia. Egitaraua: C. Bernaolaren 'Tierra', F. Mendelssohnen 'Biolinerako Kontzertua' eta L. van Beethovenen '5. Sinfonia'. Lekua: Donostiako Kursaal auditorioa. Eguna: Martxoak 12
Ez dira heldutasunera iritsi baina bidean dabiltza Euskadiko hiru Kontserbatorio eta Musika Eskoletako musikari gaztetxo hauek. Duela sei urte sortutako musika talde honek sekulako arrakasta izan zuen iaz Venezuelan egindako kontzertu biran eta aurten sasoi betean azaldu dira Kursaal auditorioan. Honakoan, gaurkotasuna eta etorkizuna bere esku dituen sekulako musika izarra izan genuen bakarlari gisa: Julen Zelaia. Hamasei urte besterik ez ditu eta biolinarekin gauzatzen dituen teknika korronte zalapartatsuak ikaragarrizkoak dira.
Teknologiaz eta baliabide mordoaz zipriztinduta dagoen gizarte honetan badugu esfortzua, ahalegina, nekea eta kemena hitzak ulertzen dituzten gazteria. Haurtzaro eta gaztaro bidean lan eta ikaste gogor txalogarria aurrera eramaten duten musikariak genituen Beethovenen sinfonia bortitz bat, Mendelssohnen obra pisutsu bat etaBernaolaren musika arrotz bat gozatzen. Zorioneko adibide eta ispilu izan ziren larunbat arratsean Kursaala erdi bete zutenentzat. Hortaz, Iker Sanchez zuzendariak biribildutako emaitzak onuragarritasunetik dotoreziara zabaldu ziren.
Mendelssohnen nondik norakoak guztiz ulertzeko aski denbora izango du hurrengo urteetan Zelaia gazteak eta honenbestez ez dut bere soinu edo melodien interpretazioan sakondu nahi izan, bere baikortasun aipagarriak nabarmentzeko garaia baita. Afinazio, erraztasun eta izaera sakoneko musikari gazteak laguntza berezia izan zuen Sanchezen gidaritzapean garatu zen interpretazio duin mamitsuan, horra hor amaierako Allegro molto vivace zirraragarria.Bernaolaren obra jorratzean, haize metal fina agertu zuen EIOk, hari atalaren ezbeharrak konpontzeko ardurapean. Disonantzia eta artikulazio aldaketak argitasunez saihestu zituzten. Beethovenen kasuan tronpak eta tronpetak zoragarri, flautak eta hari grabea ozta-ozta, fagota dotore eta biolak maisuki. Etorkizun oparoa dute begibistan, aprobetxa dezatela!
Kritika
Etorkizunerako adibide
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu