KRITIKA. Gasteizko 38. Jazzaldia

Etsipena eta ezustekoa

Darcy Jamesek 18 laguneko taldea zuzendu zuen. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
2014ko uztailaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Chano Dominguez eta Niño Josele / Darcy James Argue's Secret Society.

Eguna: Uztailak 15. Lekua: Mendizorrotza kiroldegia.

Jazzaldiaren bigarren jardunaldian, Chano Dominguez Cadizko piano jotzailearen eta Niño Josele Almeriako gitarra jotzailearen azken (eta lehen) diskoaren (Chano & Josele) estreinaldia iragarrita zegoen. Fernando Trueba zinemagile ospetsuak ekoiztu du lan hori eta aurreko bere ekoizpenen ospeak (Lágrimas negras, Calle 54, tartean) bultzatuta itxaropen handia sortu zuen estreinaldi horrek. Kontzertua egin zenerako diskoa argitaratuta zegoen eta, beraz, dastatzeko aukera izan genuen. Horretan bi maisuen ideiak batzen dira lan goxo bat egiteko, borobil eta atsegina. Haien arteko estreinakoa gainera. Hala ere, diskoaren borobiltasuna eta goxotasuna ez ziren inola ere nabari Mendizorrotzako ekitaldian. Bi artista handiek ez zuten lortu haien bi ahots ederrak lotu emaitza bateratua emateko. Kontzertuan jorratu zituzten diskoko hainbat abesti, eta horietan nagusitzen dira flamenkotik datozen aireak, Ameriketatik datozenekin (colombianak, abesti brasildarrak). Bikotea une politak sortzeko gauza izan zen Cherbourgeko aterkiak filmaren gai nagusia den M. Legranden (berriro musikari hau jazzaldian) Je t'attendrai jo zuenean. Baina emaitza ez zen borobila izan eta ikusleak, bertaratu ziren ikusle urriak, aspertu ziren. Ekitaldi luzea, nola ez, Paco de Luciaren bi abestirekin burutu zen: Canción de Amor eta Zyriab, baina horiek ez ziren gauza izan ikusleen animoa suspertzeko.

Ekitaldiaren bigarren zatian Darcy James Argue musikari kanadarrak zuzentzen duen Secret Society banda aritu zen. 18 musikarik osatzen dute taldea: pianoak eta melodika, sekzio erritmikoa, gitarra barne, tronpetak, tronboiak, saxoak, flautak, klarineteak, tubak... Musikari gazteak, neskak eta mutilak. Guztiek jarraitzen dituzte zuzendariaren aginduak eta hark idatzitako partiturak, baina era berean inprobisaziorako tarte luzea dute. Soinu desberdinak jorratzen dira: rocka, aire kroaziarrak. Soinu berria forma berri batean egituratuta.

Taldeak bere lehen diskoaren (Infernal Machines) bi abesti jo zituen: Transit eta Obsidian Flow. Azken horretan, ekitaldia burutu zuena, Erika Von Kleist saxo jotzaileak, saxo altuarekin, oparitu zigun jazzaldi honetako historian dastatu ahal izan dugun solo ederrenetarikoa. Bikaina emakume horren eta taldekide gazte guztien maisutasuna, sormena eta dotorezia.

Baina kontzertuaren atal nagusia Brooklyn Babylon lanean oinarritu zen. Horrek istorio bat kontatzen digu: planifikatuta dago dorre erraldoi bat egitea, munduko garaiena, hiri barnean (etorkizuneko Brooklyn batean) eta arotz artisau bati dorrearen tontorrean lan eder bat egitea eskaintzen diotenean, bere burua zalantzan aurkitzen du bere nahi pertsonala garatzeko desioaren artean eta bere komunitatearen onurak defentsaren artean. Narrazio musikala 17 mugimendutan garatu zen eta horietako bakoitzean taldearen lan bateratua instrumentu desberdinen inprobisazioarekin tartekatu zen, soinu berri bat lortuz. Nola definitu soinu hori: ez dakit, baina ederra edonola ere, eta freskoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.