KRITIKA. Artea

Ez dira diruditen bezain xaloak

2015eko azaroaren 17a
00:00
Entzun
'Tokialdatu'

Artista: Maider Lopez. Lekua: Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunea. Noiz arte: 2016ko otsailaren6a arte.

Espazioa dislokaturik dago, espazioa definitzen duten egiturak beren ohiko kokalekuetatik lekualdaturik baitaude. Antzekoak dira, baina ez berdin-berdinak, bikoizturiko egiturak baxuagoak dira, hain zuzen ere 50 zentimetroko altuerakoak, eta zuri-zuriak. Hasieran, espazioan zehar hedaturiko bankuak dirudite, baina badute zerbait berezia, badaezpada ere bisitaria ez baita bertan esertzera ausartzen. Hain zuri, hain garbi, hain aratz daude, ezen begiratu soilik egin daitezkeela dirudi eskultura minimalistak balira bezala. Baina ez, ez dira bankuak, ez eta eskultura geometriko hutsak ere, espazioa definitzen duten oinarrizko elementuen kopiak dira. Aretoaren oinplanoa da ikusten ari garena, 140 zentimetro aurrera eta 190 zentimetro eskuinera egindako tokialdaketarekin. Eraikitako espazio berri batean gaude hortaz, benetakoaren bikoizketaren bidez sorturikoa. Aldaketa xaloa da berez oinplanoan ikusiz gero, baina espazioarekiko harremana, pertzepzioa eta esperientzia guztiz aldatzen duena. Espazio zabal eta pasabide estuen arteko tentsioak dira Koldo Mitxelenako aretoan artistak jokoan ipini dituen elementu berriak, eta haiekiko etengabeko interakzio behartuarekin topatzen da bisitaria; lurrera begira ibili beharra dago, estropezuka ibili nahi ezean. Jokoaren erregelak eta arauak dira Maider Lopezek trukatu dituenak, eta arau sinple horiek soilik aldatuaz, ohiko egoerak dira zalantzan ipintzen dituenak behin eta berriz.

Tokialdaketak, ordea, ez dira soilik barrutik kanpora eginikoak —aretoaren egiturarekin gertatu denez—, kanpotik barrurakoak ere badira: Crossing argazki seriean jendea hiri barneko arkitekturaren baitan kamuflaturik agertzen da. Kameleoiak gara geure hirietan. Eraikinen horma, ate, ibilgailu, adreilu eta propaganda panelen babesean ezkutatzen gara, ikusezin, mimetiko bilakatu, nolabait haien koloreekin bat egin eta haietan barneratuaz. Estrategia bat izan daiteke, ala ez, baina hiri barneko elementuekin oharkabean sorrarazten dugun harreman bide bat da, egoera bereziak bideratzen dituena ezbairik gabe, baina iraungaitzak direnak era berean, une jakin batekoak; bizitzaren konpasaren abiadura bizia daramaten pausoen erritmotan sortu eta galtzen direnak.

Argazkiekin erdi hipnotizatuta, oharkabean beste sala batean barneratzen gara, baina koloreen kadentziak ez dira amaitu. Hormatik salaren erdialdera salto egin dute, bertan ipinirik dauden aulkietara. Hondartzako aulkiak dira hauek, pantaila bati begira, haietan esertzeko gonbita luzatzen dute. Ziurtasun gehiegirik gabe, batean eseri eta bideoko imajinak ikusteari ekiten diogu, ez birritan atzera begiratu gabe, salako zaindariak ezer esango ote duen beldurrez. Ez da ohikoa hondartzako aulkiak areto baten barnean topatzea, ez eta hiriko plaza baten erdian ere, bideoan ikusten denez. Tokialdaketa horrek berrikuntza eta esperientzia berri baten nobedadea ahalbidetzen du eta nobedade horrek, esperientzia horretan parte hartzeko irrika sorrarazten du era berean. Ekintza xaloa dirudi berriz ere, baina egunerokotasuna eta ohikotasuna apurtzeko nahikoa indar duena. Hondartzako aulkiak, Koldo Mitxelenako hormen bikoizketak bezala, traba bilakatu dira askorentzat espazioa okupatuaz, besteentzat ordea aukera berritzaile.

Ekintza bera da oinarrian aretoetako gainontzeko proiektuetan ikusten dena ere, eta erakusketaren tituluak ederki biltzen duena, tokialdaketarena. Hori besterik ez da dena, hori da guztia, baina hain sinplea dirudien hori, harremanen, esperientzien, egoeren, erregelen, ohituren eta espazio bakoitzaren bereizgarritasunen konplexutasunean galtzen da azkenik. Tokialdaketa berri batek, harri bat leku batetik bestera mugitzea bezain sinplea izan daitekeen ekintza batek, zein produkzioari begira zailtasun gehiago izan ditzakeen futbol zelaiak eraikitzeak, edo eta panel erraldoiak zintzilikatzeak, egunerokotasunean hain barneraturik ditugun ekintzak eta komunean ditugun errealitate guztiak eraldatzen eta ezbaian, zalantzan ipintzen dituzte, gure ingurunea birpentsatzeko eta hauek beste perspektiba ezberdinetatik behatzeko aukerak zabalduaz. Oraingoan gainera, erakusgai dauden proiektuetatik harago, ideia eta planteamendu bera erakusketaren oinarri den espazioan bertan txertatzea lortu du artistak, aretoan buruturiko instalazioaren bidez, espazioa bera, normalean hain aratza, garbia eta orbangabea, arte lanen gordailu izan ohi dena, gainontzeko proiektuetara hedatzen den zilbor heste lotesle eraginkor bilakatuaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.