English Baroque Soloists
Eguna: Abuztuak 5. Zuzendaria: John Eliot Gardiner. Abesbatza: Monteverdi Choir.
Egunkariko zatitxo hau hutsik uztea gustatuko litzaidake. Erabat, gainera, zuri-zuri, udaran begiztatzen diren laino potolo horietako batek islatzen duen zuritasunean. Halere, ezinezkoa zait, eta zerbait esan beharra daukat; eta, horretarako, oraindik gure artean ez dugun Elhuyar Hiztegia 4000 beharko nuke, hitzak motz geratzen baitira herenegun Kursaal auditoriumean bizi izan genuen arima igokunde arranditsua deskribatzeko. Nola Dragoi Bola marrazki bizidunetako pertsonaiak hodei artean hegaldi jariakor eta amaigabean zebiltzan une oro, bada, asteartean Kursaaleko eserleku bat bera ere hutsik utzi ez genuen entzuleok hegan ibili ginen auditoriumeko horma eta sabaiak ukitzen, entzundakoa auditoriumaren historia guztian bizi izan den musika klasikoko emanaldirik zirraragarriena izan zelako.
John Eliot Gardiner maisu-okinak eskuekin oratzen duen ore gozoa erraz murtxika daitekeen jakia da. English Baroque Soloists orkestrak ez du zuzendari bat behar, artisau bat baizik; Gardinerrek Johann Sebastian Bachen obran emakume ahotsekin landu zuen musika sormena deigarria izan zen. Tira, ez zait gustatu deigarri izenondoa, ez dut hitzik egokiena aurkitzen sentipena adierazteko; haluzinagarri, agian! Mende erdi oparoa ospatzen ari da aurten Monteverdi Choir abesbatza, 50 urte zerua etengabe gailentzen, partiturako edozein nota xume zerutar bihurtzen. Beren omenez planteatu zen Domenico Scarlattiren Stabat Mater, abesbatzatik bakarlari finak ateraz eta harmoniaren sostengu itzel izan ziren tiorbaren, biolontxeloaren, fagotaren eta organoaren lana goraipatuz. Obraren zailtasunak ezerezean dastatu ziren, musikaren harrigarritasuna inoiz lor daitekeen mailara igoaraziz. Musika Hamabostaldiaren diamantezko ezteietan, argi dago nor eta non kokatu den harribitxia, ezin bihotza eta arima zerutik jaitsi, utz ditzagun sentipenak zuri-zuri.
75. Musika Hamabostaldia. KRITIKA. Kursaal auditoriuma
Ez dut idatzi nahi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu