'Kuolleet lehdet / Fallen Leaves'
Zuzendaria: Aki Kaurismaki. Herrialdea: Finlandia eta Alemania. Iraupena: 81 minutu.
Ansaren eta Holapparen maitasun istorioa. Ansak supermerkatu batean lan egiten du, apalak hornitzen. Bota egiten duten arte. Orduan, taberna batean hasiko da lanean, platerak garbitzen. Itxi egiten duten arte. Holappa ere lanetik bota dute, lan garaian edateagatik. Ansak eta Holappak karaokean ezagutuko dute elkar. Eta autobus geltoki batean egingo dute topo, baita Ansak lan egiten zuen tabernaren sarreran ere. Harreman bat hasi nahiko dute orduan, baina ez da erraza izango; deskuiduei, oztopoei eta arazoei aurre egin beharko diete.
Aki Kaurismakik bizitzan bakarrik dauden bi pertsonaren arteko maitasun istorio bat kontatu du bere azken filmean. Ezer ez duten pertsonaiak dira, lan prekarioetan bizirauten dutenak, afaltzeko plater, sardexka eta labana bakarra dutenak. Munduak ere ez die esperantza handirik eskaintzen: Ukrainako gerrari buruzko berriak entzun daitezke nonahi. Ezer ez izate horretan aurkitu dira Ansa eta Holappa, eta ezer ez hori partekatzea erabaki dute.
Gidoi bira handirik gabe, maitasun eszena ikusgarririk gabe, hitz bakarretan laburtzen diren esaldi osoekin jarraituko dugu bikotearen bidea. Umore lehorrez zipriztindutako eszenak, oinarrizko koloreen bizitasunak pizten dituen agertoki ilunak, eta bizitzak jartzen dizkien oztopoak dramatismorik gabe garaitzen dituzten pertsonaiekin, zinemagile finlandiarrak, esperantzarako leku handirik uzten ez duen mundu honetan, argitxo bat pizten du.