Kritika. Musika

Ezin amodioa egin

Arkaitz Mendoza.
2014ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
EOS

Zuzendaria: John Axelrod.

Biolina: Alexandre da Costa.

Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: maiatzak 3.

Amodioan dena ez da suziri, badira txinpartatik at bizi beharreko haragizko sentipenak ere. Bortizkeria, handitasuna, izerdia eta sutsu hitzetik bakandu daitezkeen mila adiera ezberdin eta kontrajarriak sar genitzake amodioan eta erromantizismoan. Honakoan oro izan zen erromantiko; oro paperean, amodioa eta zentzuko ideien artean inondik inorako orobatasuna eman zelako. Leuntasuna, ferekak, begiradak eta hitzik gabe hitz egiten diren hitz jolasak ez dira John Axelrod zuzendariaren erromantizismo adierazpenean sartzen. Bere buruan dezibelio askoko musika burrunba iskanbilatsua ageri da, ezin horren kontra ezer gutxi egin, ez dezagun ferekatu arren.

Amodioaren nondik norakoak beste ildo bat hartzen dute Alexandre da Costa biolin jotzailearen ikuspenean. Honek amodio perfektua bilatzen du musika nota bakoitzean, nahiz eta ezin hobearen ezaugarriak nota guztiak afinazio bikainean jotzean oinarritu. Kanadarraren ferekak saihetsetara zuzentzen diren labainkada ziztrinak dira, zuzenak, inongo nora ezeko ibilbiderik hartu gabe. Maitasuna izoztuta, hozkailuaren isiltasunean gordeta, jatekoa egosketa puntu hobezinean baina zaporerik gabeko txerak larruazalean. Biolinaren arkua tentsu, garratz, arnasarik hartzeko astirik gabeko larru joaldi zentzugabean guztiz murgilduta. Bere Txaikovskik ez zuen hegan egin, gehiegi ikusi genuen kontzertua, ezin hitzik gabeko hitz solasaldiekin amets egin.

EOSek denboraldi osoa pasa du bikotekide bila, musikariei amodiozko alosia txertatu nahian, eta orain arte ez dirudi amodiozko bat-bateko maiteminak suertatu direnik. Axelrod jatorra eta alaia dirudi, entzulearen eserlekutik antzeman daiteke burutazio interesgarriko zuzendaria izan daitekeela, baina hor amaitu da harremana. Ez da erraza ezezagun batekin amodio solasaldian ibiltzea eta are zailago bihotzeko taupadak kiskaltzerainoko gidari baten agindutara ez bazaude. Amodio erromantikoa ez da amodio semantikoa, giza larruazaleko poroak loreztatu eta izerditu arte ezin daiteke amodiorik egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.