'Mother, couch!'
Zuzendaria: Niclas Larsson. Herrialdea: AEB-Danimarka-Suedia. Iraupena: 96 minutu.
Ama eta sofa berdea. David, Gruffudd eta Bennet komoda. Bella eta altzari denda. Eta Linda, Linda ere iritsiko da. Amak, ordea, sofan eserita jarraitzen du. 911 eta janari txinatarra. Daviden haurraren urtebetetzea. Marcus eta Marco bikiak. Marcus (edo Marco) motozerrarekin, eta amaren eskutitzak irekitzeko labana. Azken afaria, eta amak sofan eserita jarraitzen du.
David, Gruffudd eta Linda anai-arrebak dira. Denbora daramate elkarren berri izan gabe, baina haien ama altzari denda handi bateko sofan eseri da, eta ez du altxatzeko inongo intentziorik. Hasieran kapritxo inozo bat zirudien hori luzatuz joango da, eta David, bere bizitzarekin lanpeturik, urduri jartzen hasiko da.
Jerker Virdborgen Mamma i soffa liburuan oinarrituta, Niclas Larsson suediarrak idatzi eta zuzendu duen lehen film luzea da Mother, couch!. Zentzurik ez duen egoera batetik abiatuta, unibertso absurdo bat eraiki du Larssonek, altzari eta pasillo artean erotzeko moduko ausazko gertaerez betea. Zentzugabekeria horretan badugu norekin identifikatu: David izango da koherentzia mantentzen duen pertsonaia, eta haren harridura eta desesperazioarekin bat egingo dugu.
Zeharo galduta hasiko dugu filma, ulertzen ez dugun mundu baten arauak identifikatu nahian. Laister ohartuko gara ezin dela; ez dago araurik. Zenbait frustratu egingo dira, gauzak bere lekuan kokatu nahian, zergati bat topatu nahian. Niretzat ezin dibertigarriagoa izan da ulertezin zaidan mundu horren jolasean barneratzea, deserosotasunarekin gozatzea. Eta zinemagile suediarrak are errazagoa egiten du umorea, eta zenbaitetan misterio kutsu bat gehituz. Espazioaren erabilerak, elkarrizketek, aktoreen lanak... guztiak laguntzen du atmosfera bitxi horren eraikuntzan.
Dena, ordea, ez da absurdoa eta zentzugabea. Mother, couch! familia baten istorioa da. Urteetan zehar dinamika zehatz eta mingarri batzuk onartu dituzten seme-alabak, anai-arrebak dira David, Gruffudd eta Linda, eta amaren grebak kolokan jarriko ditu, iraganeko kulpa eta oinazeak azaleratuz. Larssonek surrealistak eta oso identifikagarriak diren egoeren arteko oreka polita duen istorioa eraiki du; sofa, ohe eta komoda eta guzti.