Diskoetxea: Nuclear Beast.
Otsailaren 25ean jakingo dugu Alemania zeinek ordezkatuko duen Eurovision jaialdi ezagunean. Hamar kantuen artean erabaki beharko dute alemaniarrek. Horien artean dago Tobias Sammet musikariak gidatzen duen Avantasia taldearen Mystery Of A Blood Red Rose abestia. Heavy metal munduko hainbat artistak beren aldeko botoa eskatu dute. Metalzale hainbat ez dira Eurovision erakusleihoaren aldekoak, baina aukera paregabea litzateke Ghostlights disko bikainari bestelako bultzada bat emateko. Jaialdiari dagokionez, ezin ahaztu 2006an Lordi munstro beldurgarriek irabazi zutela hard rock eta hallelujah artean.
Edguy taldea baztertu gabe, Sammet magoak Avantasia izeneko proiektu paraleloa sortu zuen 2000. urtean. Hasieran, ideia bi zatiko metal opera kontzeptuala egitea zen. Horrela argitaratu zituen hurrengo bi urteetan The Metal Opera I eta II disko fantastikoak. Power metal zaleek asko estimatu zuten Helloween, Gamma Ray, Stratovarius edo Rhapsody taldeetako musikariekin kontatu zuen istorioa. Gabriel izeneko gaztearena, hain zuzen ere. 2008an proiektua zena talde bihurtu zen. Lost In Space I eta II lan laburrek iragarri zuten hori, ondoren The Wicked Trilogy osatu zuten hiru diskoekin berresteko. Bandaren bigarren aroa izan zen, hard rock eta progresiborantz gehiago jo zuena. Azkenik, hirugarren aro kontzeptual bat osatzera ausartu zen. The Mystery Of Time lanak eman zion hasiera 2013an, eta Ghoslights diskoak emango dio bukaera.
Garai guztietako bertuteak nahasten ditu Avantasiaren zazpigarren lanak. Metal melodikoa du oinarri, luxuzko kolaboratzaileen ekarpen zoragarriarekin. Let The Storm Descend Upon You kantuak hamabi minutu baditu ere, zeharo sorgintzen zaitu. Sammeten alegiazko mundu musikalaren ispilu da. Pasarte pausatu eta biziak, betiere epikotasunari loturik. Aipatu abestian, J¿rn Lande eta Ronnie Atkins (Pretty Maids) abeslarien parte hartzeak entzunaldi asko merezi ditu. Dee Snider (Twisted Sister) jaunaren ahotsak ere txundituko gaitu The Haunting ederrean. Power metal ereserkiak defendatzeko Sammetek Michael Kiske gonbidatu du Ghostlights eta Unchain The Light gozoki melodikoetan. Aldiz, Marco Hietalarekin (Nightwish) lortu du kantu indartsuena osatzea: Master Of The Pendulum. Kolaboratzaileen zerrenda luzeagoa da, nahi duenak deskubritzeko. Bestalde, Sascha Paeth gitarra jotzaile eta musika ekoizlearen lan ona azpimarratzekoa da. Sammeten laguntzaile fidel bilakatu da.
Zuzenekoetara eramatea ezinezko zirudiena egiazko bilakatu zuen artista alemaniarrak. Hirugarren mundu birari emango diote hasiera martxo hasieran. Aurrekoetan bezala, diskoetan parte hartu duten zenbait musikari taula gainera igoko dira bandarekin. Hiru orduko kontzertuak iragarri dituzte, eta sarreren salmenta ikaragarria ari da izaten. Madrilen bigarren saio bat zehaztu dute, eta Bartzelonan ere ariko dira
Avantasia. 'Ghostlights'
Fantastikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu