'Baobabs Will Destroy Your Planet'

Galaxia euskalduna

Diskoetxea: Autoekoizpena.

Inaxio Esnaola Aranzadi.
2016ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zugarramurdiko koban Crystal Fighters taldeak eskainitako kontzertuak zerbait piztu zuen. Londresko talde batek euskal sustraiekin jolastuz proposamen dantzagarria aurkeztu izana oso deigarria izan zen. Taldekide baten arbaso nafarrek erakarrita, euskal iruditeria eta folklorea beraien musikan txertatu zuten. Ordutik hona, Euskal Herrian erreferente bihurtzen ari diren zenbait indie talde sorterriari begira jarri dira. WAS taldearen Gau ama da eredu garbiena, irrintziak irrintzi. Euskara ere presenteago dute, kantatzeko edo diskoak izendatzeko. Hor ditugu Belako, John Berkhout, Grises eta Rural Zombies. Galaxia berekoak dira Baobabs Will Destroy Your Planet. Izen ingelesa dute, baina Iruñeko hirukoak euskara hutsean abesten du bere pop espaziala.

Planeta berriak konkistatzea dute helburu gure talde modernoek. Nafarrek ere bidaia interespaziala egin dute lehen diskoa grabatzeko. Londres agertzen zaigu, berriz ere. Hain zuzen ere, Abbey Road estudioetan izan ziren laneko hamar kantuak erregistratzen. Iñaki Llarena eta Leyre Aranguren soinu teknikarien ekimenez, joan-etorria egin, eta Aberin estudioetan egin zuten azken nahasketa eta masterizazioa. Planeten arteko bidaiak erreberberazio asko sortu ditu, eta azken emaitza bikaina da. Iraganeko eta gaurko esentzia batzen dituelako, freskotasuna izanik bien arteko lotura.

Asko esan daiteke nafarren lehendabiziko diskoaz. Baina zaila da Jon Basaguren musikariak diskoaren promozio orrian azpimarratutakoari zerbait gaineratzea. 80ko hamarkadako teklatuek duten garrantzia agerikoa da. Eneko, Daryna eta Eymard lurtarrek melodietan ezarri dute zigilua, oso beraienak dira, eta abestien artean antzekotasunak topatzea natural bihurtzen du horrek. Loturak daude, galaxia batean puntu berera itzuliko balira bezala. Bizkaiko Split77 desagertuen interferentziak dituzte. The Pain Being Pure at Heart gozotuak eta The Cure ere badabiltza beraien orbitan bueltaka. Bi minutu azpiko bi abesti; Hala da energetikoa, tartean. Beste zortzietatik bakarra da hiru minutuak gainditzen dituena; Dagoen hutsunera ibiltaria. Iraupenari erreparatu gabe, Ihes doaz, Loreak bezala, Egun iluna eta Betiko gaua dira nafarren esentzia bereizgarria ondoen islatzen dutenak.

Unibertso zabalean galaxia euskalduna hazten doa. Baobabs Will Destroy Your Planet talde espezialak indie estralurtar asko ditu suntsitu edo irensteko, eta benetako musika zaleak konkistatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.