Donostiako 83. Musika Hamabostaldia. KRITIKA. Musika

Gardinerren heriotza garbiak

John Eliot Gardiner (erdian), herenegun, Kursaalean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
2022ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun

Monteverdi Choireta English Baroque Soloists

Zuzendaria: John Eliot Gardiner. Egitaraua: H. Schutzen Musikalische Exequien, G. Carissimiren Historia di Jephte eta D. Scarlattiren Stabat Mater. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Abuztuak 2.

Duela sei urteko Musika Hamabostaldian, John Eliot Gardinerrek eta bere bi erreferentziazko taldeek J. S. Bachen Mateoren araberako Pasioa gogoangarri bat eskaini zuten Kursaalean. Aurtengo irekiera kontzertuan, programa berezia osatu dute, barnekoia, heriotzaren samina eta oinazeak gogora ekartzen dituena.

Dresden, 1635. urtea. Hogeita Hamar Urteko Gerrak gosea, izurritea eta heriotza Europan zehar zabaltzen dituen bitartean, batez ere Germaniako Erromatar Inperio Santuan, Heinrich Schutzek Reuss-Gerako kondearen hiletarako musika konposatzeko enkargua jaso du. Monteverdi abesbatzak ur lasaien gardentasunaz blaitu zituen Musikalische Exequien obraren hiru zatiak. Azkena, «Herr, nun lässest du deinen Diener in Friede fahren» berebizikoa izan zen; hiru serafinak, taulatik kanpo, ondorengo bizitzaren oihartzunean hilen zoriontasunaz mintzo, eta abesbatza nagusiaren ahotsetan argitasuna promes eta zantzu.

Giacomo Carissimiren obra ugari galdu egin dira. Veneziako San Markos katedralean Monteverdiren oinordekoa izateko eskaintza jaso zuen, besteak beste, baina Erromako bere parrokia txikian geratzea nahiago izan zuen. Bertan idatzi zuen Historia di Jephte oratorioa, 1650 aldera. Txikitan abeslari izanik, ahots-musikan eredu izan behar luketen obrak ditu errepertorioan. Hala bihurtu zuen Gardinerrek, keinu neurritsu eta dotoreaz, bakarlari aukeraketa apartarekin. Jephteren alabaren rolean, Charlotte La Thropek modu hunkigarrian haragiztatu zituen bere heriotzaren onarpena eta mendietan hedatzen duen aienea.

1960ko hamarkadan sortu zirenetik, Monteverdi abesbatzak eta English Baroque Soloists taldeak soinu eta kolore propioa findu dute, berezkoa eta identifikagarria. Domenico Scarlattiren Stabat Mater horren adierazgarri izan zen. Hamar ahotsak bitara, abeslariak batera eta bakarlari; denak garbi, zoriari ez baitzaio zirrikitu ñimiñoena ere irekitzen.

Heriotza erritu solemneak sustatzen dituen gertakari mingarria da, eta, hala ere, geratzen denaren argia bilatzeko aukera ezin galdu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.