KRITIKA. Dantza

Gau zuritik urrun

Agus Perez.
2016ko ekainaren 22a
00:00
Entzun

'Symbiosis'

Jatorrizko ideia eta koreografia: Ziomara Hormaetxe. Musika: Rec Overflow, Fernando Carvalho, Ludwig van Beethoven. Dantzariak: Ziomara Hormaetxe, Robert Jackson. Lekua: Bilboko Fundicion aretoa. Eguna: Ekainak 18.

Bilboko Gau Zuriaren iluntzean ikusi dugu Ziomara Hormaetxeren Symbiosis pieza, hiriak eskainitako espektakuluen hutsaltasunetik ihesi nahian. Sorkuntza honen jatorria aspaldian plazaratu zen (Donostiako Gazteszena, 2014), baina Durangoko San Agustin kultur gunean ikusi nuen iazko azaroan, eta orduan hiru pieza laburretako egitarau baten parte izan zen. Ostera, oraingo hau ordukoaren luzapen naturala da, Hormaetxek txukuntasunez garatu duelako hasierako planteamendua, luzera ertaineko lana eraikitzeko.

Zuria izan da piezako kolore bakarra, jantzietan, behegainean, argietan eta kubo formako aulki metafisikoan —Oteiza ene gogoan—, eta erabateko zuritasun horrek areagotu egin du proposamenaren izaera aratza, muturreko abstrakziora jo duena hasieratik bertatik. Egia da sinbiosia izan dela koreografoak planteatutako gaia, baina hori abiapuntutzat besterik ez dugu hartu behar, edo hari eroaletzat gehien jota, bi izakiren arteko harreman primitiboak edertasun hutsaren peskizan jarri direlako, narratibotasun antzuari une oro uko eginez.

Purutasunaren bide aszetiko horretatik mugimendu-estudio izaera hartu du proposamenak batzuetan, eta beste hainbatetan nolabaiteko transzendentaltasuna komunikatu dute bi dantzarien jarrerek, adibidez hasierako eszenan, biak ispilu eran jesarrita zeudenean, baina begiradak lerro paralelotan zebiltzanean, elkarrekin topo egin gabe. Edota erabateko geldietan, non gorputz estatikoek dantzarekin bezainbesteko indarra transmititzen zutenean. Mugimendu-pasarteetan nabaria izan da Ziomarak beso, esku, hanka eta aldaken posizioei emandako garrantzia, berarengan garbi-garbiak, ondo definituak eta zehatzak izan direlako. Ez ordea haren bikotearenak, askoz suabeagoak edo samurragoak izan baitira, lanaren izaerak halakorik eskatu ez arren.

Azkenik, bideo-proiekzioek eta musikak atal berezitua behar dute, bi arlootan nabaritu delako ez direla egon jatorrizko lanaren garapenak eskatzen zuen mailan. Musikaren arloan, hasierako techno progresibo emankorretik interferentzia elektroniko eta zarata hutsen eremura igaro gara, eta eskertu egin dugu haien ostean etorri den isilune luzea, Beethovenen Ilargi zuria sonatarekin eta Ziomararen solo eder batekin amaitu dena. Bideo-proiekzioek ere ezin izan diote jatorrizko tartearen kalitateari eutsi, eta garai bateko bideo-jokoen itxura eskasa hartu dute, kontraesan zentzugabean dantzaren kalitatearen alboan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.