HAUR ETA GAZTE LITERATURA. 'Museo bilduma'

Gauza txikien bilduma handia

Idazlea: Harkaitz Cano. Ilustratzailea: Iñaki Holgado. Argitaletxea: Ikastolen Elkartea.

2016ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Gazteentzako zein helduentzako komiki hau eskuratu berri dut Getxoko komiki azokan, egileek sinatuta, eskaintza eta guzti! Gozada bat.

Egitura trinkoa du lanak, irudiaren eta testuaren arteko elkarlan handiarekin kontaketa garatzean, narratzailearen eta irudien artean informazioa erdibana nola kudeatzen den lehen orrialdetik erakusten zaigunez.

Istorioa etorkizunean kokaturik agertzen zaigu, baina paisaia ez da asko aldatzen gaur egungotik, janzkera, ohitura eta gainerakoetan (autobusean bidaiatzea, esaterako).

Gidoiaren haria bi partetan banatuta dago, protagonista bakarrarekin. Lehen partean, museoen bildumagile profesionaltzat aurkezten zaigun pertsonaiak lau museo erakusten dizkigu. Bigarren partean, Anaia Handiarena dirudien herrialdera garamatza, eta tramak bide berri bat hartzen du amaiera arte. Nire ustez, mami handiena lehen partean eskaintzen zaigu, literaturari dagokionez. Batetik, pertsonaia eta narrazioa eraikitzen ari den lehen parte horretan, nahikoa ekintza eta literatur-jolas aberats eskainita, goi mailako hausnarketa eta obra dela proposatzen zaigu; baina, bigarren partean, hari guztiak lotu eta proportzioko gorputza hartuko dutela espero denean, proposamen bikaina ez da iritsi, eta aurreikuspena zapuztu egin zait.

Hori bai, liburu osoa, hasieratik amaieraraino, hausnarketaz, bitxikeriaz, eta zeharkako keinuz josia dugu. Agertzen lehena Azken borondateen Museoa dugu, besteak beste, gutun, paisaia, kanta, argazki, eta hilarrietako epitafioekin (Barack Obamarena barne), gidoilariaren lehen kolpe gogorrekin batera: «Heriotza eta pentsatu, biak esaldi berean? Arriskutsua izan daiteke...». Bigarrengoan, Labyrinth museum-ean, labirintoak nolakoak izan diren eta zertarako erabili diren erakutsi ahala, hausnarketa zaparradak jarraitzen du; «...zenbait maitasun eta zenbait labirinto garaiz uzten jakitea komeni da» edota «bizitzan hartzen ditugun erabakiak ere (...) ez ote dira irteerarik gabeko gure labirintoaren parte?». Tartean Borgesen ipuintxo baten bertsioa oharkabean bezala sartzeko aukera galtzeke.

Hirugarrena Museo elurtua da. Giza izpirituaren bihurritzea noraino hel daitekeen iradokitzeko erabiltzen da, arte-lan miretsienak tontor arriskutsu eta garaienetan ipinirik jendeak bizia nola galtzen duen erakutsiz (eta, bide batez, haraino heltzeko bizia arriskatzea zein ergela den iradokiz...). Hamahiru Museoa da erakusten zaigun azkena —hausnarketetan hutsalena—, sineskerien bilduma erakusten duena, edonori burura datozkion topikoekin, eta sineskerien aldeko apologia-eszena batekin amaitzen dena.

Kontaketaren bigarren partea iristean, protagonistaren bizitzara egiten dugu jauzi, XX. mende hasierako literatur apokaliptikoak (Orwell eta Huxley ditut gogoan) erakusten zuen erako gizarte futurista batean txertaturik, kontaketari zinema amaiera emateko, Kubricken 2001: espazio odisea bat filmeko eszena batekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.