Artea. Kritika

Gehiago dago gugan

Haizea Barcenilla
2011ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
'Gehiago dago zugan'. Askoren artean

Lekua: Bilboko Arte Eder museoa.

Noiz arte: maiatzaren 15a arte.

Gehiago dago zugan erakusketari buruz hitz egiteko orduan sentimendu kontrajarriak pizten zaizkit. Irakurlego osoari joateko esateko gogoak sortzen zaizkit, batetik, dauden artelanen kalitate izugarria eta haien berezitasuna kontuan hartuta. Ez dugu maiz Bilboko Arte Eder Museoak oraingoan eskaintzen dizkigun eskuizkribu, bolizko lan eta egurrezko tailen parekorik ikusteko parada askorik. Bilduma bikainetatik datoz, eta museoak erakusketa iraunkorrean ikusgai dituen eskultura eta erretaula tipikoetatik aldenduz, orraziak, tapizak, kodizeak, kutxatxoak, intsigniak eta bestelako objektu bitxi anitz aurkitu ditzakegu.

Erakusketako gaiaren planteamendutik datoz sentimendu kontrajarriak, ordea. Gehiago dago zugan-ek Erdi Aroko azken hiru mendeetan ematen den emakumearen irudiaren inguruko ikuspegi zabalago eta aberatsago bat eman nahi du. Gaia interesgarria, beharrezkoa eta erakargarria da, arte erlijioso bakarretik aldentzen dena, gainera, askotan Erdi Aroarekin lotzen ez dugun bizitza laikoa ere irudikatuz.

Baina ikuspegitik abiatuta, badira guztiz asebetetzen ez duten elementuak. Izena, esaterako. Oso poetikoa da Gehiago dago zugan, XV. mendeko Brujasko Luisen intsignia, baina ezaugarri negatibo bat du, erakusketan orokorra dena: emakumea objektutzat hartzen duela, eta inoiz ez subjektutzat. Erakusketaren gaia emakumearen errepresentazioa izanik, betiko ikuspuntu bera eskaintzen digu: nola ikusten duen gizonak (egileak) emakumea (musa eta objektua), eta, are okerragoa dena, horren inguruko diskurtso kontziente eta kritikorik azaldu gabe. Jakina da Erdi Aroko emakumearen egoera ez zela idilikoa, eta atzera begirako aldarrikapenek ez dute hori aldatuko; baina aipagarria da, era berean, gaur egunetik so egiterakoan ez garela historia eraikitzerakoan erabilia izan den begirada bakar eta zuzenduaz ohartzen, emakumearen egoera horrekin guztiz lotua dagoen arren.

Lehen hiru aretoak Ama Birjinaren irudiari eta maitasun xaloaren errepresentazioari dedikatzen zaizkie, ikuspegi erlijiosoari laikoa kontrajarriz, dontzeilak birjinatik asko ez balu bezala. Objektuak, berriz ere, bikainak dira, eta zenbait informazio oso interesgarri: esaterako, emakumeen ilea erotikoa kontsideratzen zenez, ezin zutela erakutsi, eta, ondorioz, orrazi bat oparitzea iradokizun guztiz erotikoa zela. Emakumea birjina legez agertzen ez denean, ama eta emazte esaneko eta otzan gisa ageri da haren irudia.

Hori dela eta, hurrengo gelak lehen begiradan inpresioa sortzen du, Koroatutako Bulbaren prozesioa intsigniarekin ongietorria emanaz, erlazio sexualak agerikoak direlako. Dena den, laster geratzen da argi (testuek behar bezain beste azpimarratzen ez badute ere) gizonezkoen sexualitatearen asetzeaz ari garela, emakumea horretarako tresna legez erabiliz. Gizonarentzat sexua «sinple eta naturaltzat» jotzen zuten bitartean, prostituten kantitateak ondo adierazten duen moduan, sexu harremanetan erortzen den emakume «zintzoaren» kritikak testu guztietan errepikatzen dira.

Corinne Charles komisarioak dio emakumearen aurkezpen anitzak, ñabardura askotarikoak aurkeztu nahi dituela; eta aldiz, ikusten ditugun ereduak bi dira, biak objektualizatuak: dontzeila puru, ukiezin, ideala, gizonaren gorputzaren plazerarekin zikindu ezin dena (eta, noski, desio propiorik ez duena), eta «bestea», Evaren ondorengoa, zikina, lizuna, haragikoa, prostitutan edo gorputzaren desioan erortzen den emakumeak erakusten duena. Behin eta berriz aipatzen da erakusketaren testuan kontraesan handia dela garaiko erlijiosotasuna eta horrekin bat datorren amodio eta sexuaren presentzia, eta horrek harritzen du, biak baitira oposizioan oinarritutako sistema berdin baten beharrezko elementuak: moraltasuna eta ihesa, idealizazioa eta bekatua.

Hala ere, atsekaberik handiena Emakumea eta lana sekziora iristean sortzen zaigu, Pisango Cristinaren Emakumeen Hiria liburua izan ezik, ez dagoelako emakumeek egindako lanik, ezta emakumea lanean errepresentatzen duen irudirik ere. Non daude British Libraryko Royal 2 B VII kodizeko emakume ehiztariak? Non Pariseko Bibliotheque Nationaleko emakume ehuleak? Eta non beste ehunka iruditan agertzen diren guztiak: zelaietan lanean, jezten, gazta egiten, artzaintzan, arrautzak jasotzen, margotzen, erditzean laguntzen? Non daude Guda, Bourgot Le Noir edo Maria Ormaniren miniaturak eta haien autorretratuak? Non dago erakusketa honen gu-a?

Baina ez da harritzekoa urteko erosketen %1 gehienez emakumeek egindako lanei dedikatzen dion museoak generoa eta «emakumeen arazoak» gai baten moduan tratatzea, paisaia edo bodegoia izan daitekeen modu berean. Bilduma egiterakoan (eta, beraz, artearen historia idazterakoan) genero politika matxista bat aplikatzen duen instituzioak ezin baitu ulertu, dirudienez, emakumeok ez garela zu, baizik eta gu, gure gizartearen erdia baino gehiago; eta feminismoa ez dela gai bat, baizik eta mundua ulertzeko ikuspegi bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.