KRITIKA. Artea

Geranioak

2019ko urriaren 1a
00:00
Entzun

'Uriel Orlow'

Non: Donostiako Tabakaleran.Noiz arte: Urriak 6.

Ekainean Jumana Mannaren erakusketa ikustera etorri nintzenetik, ezberdin topatu dut Uriel Orlowren erakusketako sarrerako horma. Hor daude postalak, postal vintage-ak, eta aurrekoan ikusitako geranio gorri biziarena ez hartu izanaz damutzen naiz. Gaur ez dago. Falta da. Ederra zen. Amaitu egin omen ziren ale guztiak, eta, hari zegokion tokia hutsik utzi beharrean, beste lerro batean errepikatzen den postal batekin betetzea erabaki omen dute.

Berriz begiratu ditut postalak, eta bat hartu dut, uda oroitarazten didana, baina etxera ere banaramana era berean: amak balkoian ipintzen dituen geranioengana. Suitza inguruko etxe baten fatxada da, lorez apaindua. Buelta eman diot postalari: No. 1 Geraniums are never red. Postalaren titulua izan zitekeela pentsatu dut. Beste bat hartu dut ziurtatzeko: No. 5 Geraniums are never red. Oker nengoen. Badirudi instalazioaren titulua dela. Eta orduan konturatu naiz, postalek duten ezaugarri komun bakarra ez dela beraien izaera vintage-a, baizik eta guztiak Mendebaldekoak direla, hainbat Espainiakoak, eta guztietan agertzen direla geranioak, geranio gorriak.

Igarobidetik pasatu naiz erakusketa aretora joateko asmoz, eta bonbardaketa baten moduan sentitu ditut ahotsak, hitzak belarriak zeharkatuaz, albo banatatik. Ez ulertzeak, ez jakiteak eta ez ikusteak eragindako biolentzia izan da, eta, gehiago entzuten gelditu ordez, gorputzak alde egiteko beharra transmititu dit, parez pare, hormigoizko horma batez itxitako patio baten argazki hiperrealistarekin topo egin dudan arte. Badirudi eskuineko leihoetatik sartzen den argiak argiztatzen duela eszena, eta benetako espazioa dela bertakoa argazkia izan ordez. Hipnotikoa da. Klak-klak-klak. Diapositibak martxan doaz. Baratzea edo lorategi bat ikusten da alde batean. Nelson Mandelak eta ANCko kideek sortutako lorategia omen da, haren biografiaren eskuizkribua gordetzeko erabilitako lorategi frankoarena; 18 urtez zaindua. Alboan, idulki batean, Mandelaren urrea-ren hazia; eta ondoko horman hazitik sortutako landarearen argazkia. Eta zer pentsatua ematen du. Kolonialismoaren aurka eta eskubide berdintasunen alde egiteagatik hemezortzi urte gatibu pasatu, eta irtetean, askatasuna lortzean, haren izena, haren jatorrizko lurraldean, kolonialismoaren ondorioengatik, egun oraindik ere gatibu den landare bati ipini zioten. Bada oraindik ere borrokatzeko kausarik.

Orain ulertu dut sarrerako instalazioa ere. Geranioak, nahiz eta egun bertakotzat ditugun landareak izan, ez dira autoktonoak, ez dira izatez hemengoak. Patatarekin argi dugu, palmera zuhaitzekin ere bai. Baina geranioak ere kolonialismoaren bidez gureganatutakoak dira; are gehiago, kolonialismoa dela eta, izatez, geranioa ez den landare bat bilakatu dugu geranio. Eta hori jakinda ere, egun, oraindik ere lore horiek geranioak dira guretzat. Ze harropuzkeria eta handinahikeria. Umckaloaba deitzen zioten Afrikan, baina europarrek ezetz, geranio afrikarrak zirela haiek. Eta esportatu zituzten, eta hemen ditugu oraindik ere, gure etxeetako balkoiak dekoratzen, haiei ebatsitako landare guretzat exotiko eta ederrak, haientzat berriz sendagarriak zirenak.

Alderantzizko egoerak ere gertatu dira. Afrikan landare sendagarri exotikoak badirela ikusiz, bertako ezagutza kulturalaren eta landarediaren jabetzaren bidez inperio ekonomikoak sortu dituzten kasuak, adibidez, zeinaren erruz afrikarrak lurrik eta baliabiderik gabe utzi dituzten, ezagutzak guztion ondare direla berretsiz. Bertako medikuntza tradizionala eta sendalariak ere ez-zientifikotzat eta ez-eraginkortzat hartuz, haien presentzia eta eragina murrizteko ere hainbat bide jorratu zituzten. Hau, nolabait, hemen ere ezaguna dugun gertaera da.

Zinez interesgarriak dira aretoaren erdian kokatutako bideo lanak, hirurak. Kolonialismoaren eragin horien guztien inguruko gogoetetara daramate ikuslea, baita erakusketako azken instalazioak berak ere. Kasu horretan, Frantziarekin lotura zuzenagoa du. Baina aretotik ateratakoan, hor daude berriz ere geranioak, arazoa etxera ekarriz, arazoak zuzenean jotzen gaituela gogoraraziz. Askotan postkolonialismotik burututako lan, gogoeta eta aldarrikapenak interesgarriak eta beharrezkoak direla iruditzen zaizkigu, baina kanpoko zerbait balira bezala begiratzeko joera dugu,tamalez. Orain, ordea, geranioek hala ez dela gogoraraziko digute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.