Fazal Sheikh
Non: Rekalde aretoan (Bilbo). Noiz arte: 2011ko otsailaren 13ra arte.
Mikel Onandia
Azken urteetan aurrerakuntza teknologikoek ikus-entzunezkoetara eta diziplina plastikoetara iraultza ekarri badute ere, oraindino argazkigintza tradizionalena-nahiz eta digitala izan- errealitatea antzemateko, ulertzeko, interpretatzeko eta berau adierazteko diziplina interesekoa dugu. Hala erakusten du, modez aparte, azken garaian gure museo eta arte zentroetan aurki ditzakegun argazki-erakusketen ugaritasunak. Oraingoan ere erakusketa ohargarria dugu ikusgai: lehen aldiz Euskal Herrian, Fazal Sheikh (New York, 1965) jatorri pakistandarreko argazkilari estatubatuarrak azken hogei urteetan munduko hainbat txokotan hartutako irudi indartsuak ikus ditzakegu Bilboko Rekalde aretoan.
Salaketa-argazkilaritza eta argazkilaritza artistikoaren artean mugitzen da Sheikhen lana, inplikazio politiko-sozial handikoak izateaz gain, kutsu estetikoko irudiak baititugu, ondo zaindu eta landuak. Denak sailetan garatu eta antolatuak, Afrika, Hego Amerika eta Asiako hainbat herrialdetan eginak, tokian tokiko kolektiboekin harremanean egindako dokumentazio lan oparoaren fruitu dira. Ez da kasualitatea munduko gune pobre eta behartsuenetakoetan garatzea bere proiektuak, argazkilariaren lehen asmoa ezbeharra jasaten duten pertsonen lekukotza ematea baita. Hala, Hego Afrikan (1989), Kenian (1989-91) eta Ekialdeko Afrikan (1992-94) eginiko lanak aurkituko ditugu lehendabizi; guretzat ezezagunak izan arren, irudi hauetako pertsonak hurbildu egiten dizkio egileak bisitariari, haien izenak adierazita, kasu; argazkilariak jendearekin lortutako konfiantza protagonisten pose eta jarreretan antzematen da. Umeak, helduak, zaharrak, norbanakoak ala taldeak izan, denek dute zerbait komuna, hots, modu bateko edo besteko zorigaitza ezagutzen dute denek. Gehienek gerren ondorio latzak pairatzen dituzte; esaterako, Sudango errefuxiatu guneetako jendearen desesperazioa -gaixoak, alargunak, ume gosetuak- nabarmena da. Irribarreak gutxi dira.
Aurrera joan ahala segituan konturatzen gara lehen lan horiekiko berritasun bat gehitzen duela argazkilariak: irudiei, zenbaitetan, testu lagungarriak gehitzen dizkie -bai paretetan, bai esku-orrietan-, imajinetan jasotako pertsonen istorioak osatu eta ikusleari informazio gehiago emateko asmoz. 2003 eta 2008 bitartean Indiako hainbat lurraldetara eginiko bidaietan arrazoi erlijioso eta etnikoen ondorioz diskriminatuak izan diren pertsonen testigantzak jaso, eta lehen-lehen planoko erretratu zuzenetan irudikatu zituen. Etxeko indarkeria, umezurtz-etxeetako gogortasuna, neskatilen salerosketa, hitzartutako ezkontzak, kaleko bizitza gogorra, emigrazioaren laztasuna. Batez ere, komunitateetan eta horiek dituzten inplikazio pertsonaletan jartzen du arreta Fazal Sheikhek; hala, ikuspegi horretatik Brasilgo barnealdean den komunitate bateko folklorearen eta erlijioaren arteko nahasketak eguneroko bizitzan dituen eraginak erretratatu zituen 2001. urtean.
1979an sobietarren inbasioa eta 1996tik aurrera talibanen errejimena sufritu behar izan zuten afganistandarren egoera ere biltzen du Sheikhek The Victor Weeps (1996-98) sailean, horien artean, Pakistanen errefuxiatu beharreko emakume baten istorio gordina. Tragedia pertsonalez eta suntsitutako hiriez osaturiko paisaiak ditugu. Oro har, inpaktu handiko biziera eta gertakizunak daude erakusketa osoan, baina agian hunkigarriena A Camel for The Son (1992-2000) Kenia eta Somalian zehar eginiko argazki sorta dugu, bereziki elikadura faltari aurre egiteko programetan parte hartzen duten umeak beren amekin agertzen dituzten 32 erretratuek sortzen duten mosaikoa. Duten indar propioaz gain, erakusketa osoan identifika daitekeen ondorioaren metafora gisa ere uler dezakegu berau: zorigaitzik handienak emakume eta umeek jasaten dituzte munduan. Bestetik, Ramadán Moon (Herbehereak, 2000) lanean, Muqdishotik Amsterdamera bidaiatu duen emakume baten bakardadearen kontakizunarekin, herrialde urrunetan soilik ez eta gure inguru hurbilean ere sufrimendu latza jasaten dutenak badirela erakusten digu argazkilariak.
Istorioak asko dira, eta denak tristeak. Izan ere, giza sufrimendua da gai nagusia, bere forma ugarietan. Fazal Sheikh, pertsonaien psikologia harrapatuta, giza miseriari aurpegia eta izena jartzen saiatzen da. Baina ez ditu egoera horien errudun edo erantzuleak agertzen, biktimak baizik -ez dago judiziorik, ikusleen enpatia bilatzeko nahia soilik-. Galderak mahai gainean dira, eta erantzunik ez. Horiek ikusleak aurkitu beharko ditu, eta ez dira errazak; inplikazio etikoak ugariak dira. Adibidez: halako irudiekiko immunizaturik gauden bisitari kontzientziadunok minutu batzuetan hunkitzea lortu arren, zer egingo dugu erakusketatik irten eta segituan?
ARTEA. KRITIKA. ARTEA
Giza miserien aurpegiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu