Artea. Kritika

Gorputzetik naturara

Formatu handiko obra gutxi batzuk jarri ditu Mikel Diez Alabak erakusketan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
2014ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Artea

Mikel Diez Alaba. 'Argiaren eta haizearen artean'.

Lekua: Lumbreras galeria. Noiz arte: martxoaren 14ra arte.

Bilboko Arte Eder museoak Mikel Diez Alaba bilbotarraren inguruan antolaturiko Denbora iraganez erakusketarekin bat eginik, eta hark komunikabideetan duen oihartzunaz baliatuta, Bilboko Lumbreras galeriak erakusketa bat antolatzea erabaki du Diez Alabaren artelanekin, eta museoaren hedatze gune bilakatu du.

1947an jaio zen, Bilbon, eta Valentziako San Carlos eta Madrilgo San Fernando arte eskoletan burutu zituen arte ikasketak; 70eko hamarkadan, Juan March Fundazioaren beka bati esker, Parisen garatu zuen bere lana. Diez Alabaren produkzioaren garapena nabaria izan da haren ibilbide hasieratik gaur egun arte; bertan, teknika eta lan prozesuaz gain, horren motiboak eraldatuz joan dira, eta eraldaketa prozesu interesgarri bat garatu du. 70eko hasierako lehen lanek gizakiaren kezkak eta ezinegonak zituzten gai, eta Francis Baconen eragin nabaria zuten. Figurazioaren eta espresionismoaren arteko bideari jarraituz, desitxuratutako gizakien bitartez, orduko gizartearen kritika landu zuen. Hamarkadaren erdialdera, haren lana erabat aldatu zen, figurazioa eta gizakia erabat desagertu baitziren. Abstrakziorako joera argi bat erakusten dute pinturek garai horretan, artean lerroa eta forma trinkoak alde batera utzi gabe, nahiz eta horiek ere laster desagertu ziren. 80ko hamarkada hasieran, errealismorako joera bat nabari da haren obran. Paisaia orokorrek eta zuhaitzek, kolore lausotuek eta keinuaren erabilera lotsati batek, zerua, hodeiak eta haizea iradokitzen dituzten konposizioak sortu zituzten. Azken garaian, naturaren eztanda gertatu zen, keinuaren indarraren, koloreen bizitasunaren eta argiaren erabileraren bitartez, eta, horrela, azken urteetako artelanen oinarria eraiki zen. Lumbreras galeriako erakusketan aurkeztu dituen lanak dira horren adibide.

2011-2013 artean kokatzen dira aurkeztu diren pintura guztiak. Oro har, tamaina txiki nahiz ertainekoak dira, baina, horien artean, zabalera handiko lan gutxi batzuk nahasten dira; paisaia formatuaren adibide puztuak sortzen dituzte. Akrilikoaren teknika erabiliz, paperean, oihalean eta DMan zabaltzen da margoa, eta argiaren, kolorearen eta keinuaren bidetik, naturaren begirada erromantikoa adierazten dute, horren handitasuna, edertasuna eta indarra goraipatuz. Halere, ez pentsa William Turnerren paisaia argitsu eta lausotuak aurkituko dituzuenik. Diez Alabaren lanak beste ibilbide bat egin du; Max Lieberman, Lovis Corinth eta Aleixeievich inpresionisten trazu aske eta argiaren erabileratik, Willem de Kooningen espresionismorantz bideratzen da, eta, bidean, gorputzaren erreferentzia galdu du.

Lehen begiradan agerikoak diren alderdi eta ezaugarriez gain, artistaren lanean mugimenduaren eta subkontzientearen kontzeptuak azpimarratzea gustatuko litzaidake, horiek ematen baitiote benetan oinarri sendo bat haren lanari. Alde batetik, Cecily Brown artista britainiarraren lanetan bezala, pinturaren geldikeriaren eta mugimenduaren arteko talka bat sortzen da pintura bakoitzean; mugimendu horren bilaketa kontzientearen (edo inkontzientearen) bitartez, lehertzear dagoen naturaren errepresentazio askeak sortzen dira. Pintura kontrolatuak dira, baina, era berean, oso urduriak, ikuslearen barruan loturik dagoen animaliak adierazten duen ezinegona zabaltzen dutenak. Bestalde, eta zabaldu berri dudan bide psikologikoaren harira, artistaren prozesu mentala dago, eta horren subkontzienteak naturaren kontzeptuaren inguruan eraiki duen irudiaren isla. Ryoko Aoki marrazkilari japoniarrak ulertzen duen moduan —kasu horretan pinturaren alorrera eramanik—, teknika artistikoaren funtzio nagusia subkontzientearen irudiak transmititzean datza, artistak inguruan jasotako esperientzien adierazpide. Artistak berak aitortu duen moduan, bere sormen prozesuan aldendu egiten da, kontzentratu, bere gorputzari askatasun guztia emanez. Hori dela eta, haren trazuek batzuetan hostoak edo landareak dirudite; besteetan, berriz, definitzen zailak diren formak. Azken ideia hori oso interesgarria da, naturaren ideia erromantikoaren eta subkontzientearen arteko lotura estua aurkezten duelako.

Menorcan bizi da artista, eta han garatzen du bere lana. Hain zuzen, askok bertan kokatu dituzte azken urteetako pinturak, errealitatearen irudikapen soilak balira bezala. Kokapen eta inguru jakin baten isla dela esango nuke nik, pertsonak bizitzan natura eta paisaia kontzeptuen inguruan izan duen garapenaren emaitza, espazio fisikoan baino gehiago, artistaren garunean kokatzen den natura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.