Kritika. Musika

Goxokia zupatuz

Arkaitz Mendoza.
2013ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Judith Jauregi

Egitaraua: Enrique Granadosen 'Bals Poetikoak', Manuel de Fallaren '4 Pieza espainiar' eta Isaac Albenizen 'Suite espainiarra'. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia.Eguna: ekainak 26.

Sabelkeria une basati batean gogoz zurrupatu daitekeen gozoki gozagarri bat burura etorri zait Judith Jauregi pianistaren interpretazioa entzutean. Soinu orekatua, biribila, akorde guztiak osotasunean eta melodia preziatuak marrubizko gozoki gozo batean urtuta sentitu ziren. Alicia de Larrocha artistari eskainitako diskoan Jauregik bihotzeko barne omenaldi bat egin dio, kolore, irudi eta fantasiaz betea. Enrique Granadosen bals poetikoetan pianoa ferekatzen maisuki aritu zen Jauregi, hasiera paregabe baten argudiorik hobe ezinena igorriz.

Segidan Manuel de Fallaren pieza laukoteari ekin zion. Musikaren mundu komertzialean izena eta ospea handiesten ari den Judith Jauregi markak ez zuen guztiz berebiziko goraipamena lortu obra horietan. Indar falta nabarmena izan zen Andaluza txatalean, eta barne melodien kantatzea ez zen sineskor zabaldu, egiteke dagoen interpretazio heldu baten lehen urratsak balira bezala. Espainiar musika melankoliatsu irudikatu izan da askotan, baina adorea, pasioa eta grina basatia ere hortxe dugu. Eta halakoen gabeziak ez zion mesede handirik egin lehen zati amaierari, soinu polit, txukun, preziatu eta eder bat urreztarazteari su tanta batzuen falta sumatuz.

Viktoria Eugenia antzokian bertan bere lehen urratsak egin zituen pianista donostiarrak Isaac Albenizen musika alaia eta jolastia plazaratu zuen errezitaldiko bigarren atalean. Berriz ere pieza lasaiak eta kantariak gailendu ziren haren interpretazioan, Granada zoragarri bat tartean. Sevilla-ren grazia, Cadiz-en fantasia, Asturias-en ziztada elektrikoa eta Castilla-ren handitasuna kontzertu gozagarri baten koroatze bilakatu ziren. Judith Jauregiren gaurkotasun freskoa eta biharko fruitu heldua guztiz bermatuta daudela aurreikusiz, ez dut gehiago esaterik: segi aurrera!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.