Kritika

Grafitiak erakustaretoan

Kalea ohiko esparrutzat duten arte motak erakustaretora eraman ditu Inside. Hiri artea erakusketak. RAUL BOGAJO / ARP.
Mikel Onandia Garate.
2011ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Artea

'Inside. Hiri artea'. Askoren artean.

Non: Gasteizko Caja Vital Kutxa Fundazio Aretoa.

Noiz arte: 2011ko martxoaren 6ra arte.

Gasteiz dugu Euskal Herrian grafitiaren gunerik garrantzitsuenetakoa. Orain hamarkada batzuk gure inguruan lehendabiziko aldiz agertutako adierazpide modu berezi horrek indarrean segitzen du, hiriguneko pareta eta txoko askotan ikus genitzakeen margolanek erakusten duten lez. Oraingoan, baina, tradizionalki arte urbanotzat ditugun grafitiak erakusketa aretora sartu dituzte, etxeko eta nazioarteko idazle—hala izendatzen dute beren burua grafitigileek— nagusien lanak erakusteko asmoz. Hala, egun artea kalera ateratzeko den joerari aurre eginda kontrako bidea egin dute antolatzaileek, alegia, jatorrian kalerako den artea tradizionalki arte jasoa agertzeko erabiltzen diren geletan kokatuta.

Izengoitiekin —eta beren sinadurekin— identifikatzen diren hamazazpi sortzailek berariaz bertarako garatu dituzte pintura lanak, hormetan bertan, inolako eranskinik barik, paretan zuzenean. Horma grafitiez gain, mostran oihal gaineko margolanak, marrazkiak, eskulturak eta bideoproiekzioak ere badira. Horiek guztiak modu singularrean girotu dituzte, kale kutsua nabarmendu guran: street basket kantxa, metalezko hesiak, spray poteak eta zirkulazio seinaleak daude nonahi. Muntatze prestatze mota horrekin artifizioan jausteko arriskua egon arren, ondo taxutua agertzen zaigu; gainera, grafitiak barnealdean erakustea badu alde onik, kalean askotan ez den argiztapena, esaterako. Pintura lan horiek ohikoa duten eran, forma ezinezkoak eta kolore bizi-biziak agertzen dituzte, baita errealismo izugarria ere askok. Jatorri askotako kolektiboek eta idazleek eginiko lanak dira, eta bakoitzak bere estilo pertsonala erakusten du, baina denetan atzematen da sormen indar handia.

Grafitia, bere horretan, 70eko hamarkada hasieran hasi zen agertzen New York eta Philadelphiako tren geltoki eta bagoietan, sinadura bat betikotzeko nahiarekin, funtsean. Denbora gutxian zabalduz joan zen Europara iristeraino, genero eta estilo ezberdinak agertuta —alderantzizko grafitia, amarru plastikoak (fakes), antipublizitatea (subertising) eta identitate sinadurak (tags), azken horiek genero bat bere barruan—, eta fintasun eta dotorezia plastiko eta tekniko nabarmenagoak garatuz —txantiloien, kartelen edo pegatinen erabileraz, adibidez. Horregatik askok, egungo egoera izendatzeko, postgrafitiaz edo street art-az hitzegiten du.

Neurri batean, kaleko artea saloi instituzionalizatuan sartu eta merezi duen maila eman asmoz eginiko erakusketa dugu hau. Alde horretatik, badu inplikazio sinbolikorik, artista handien lanak agertzeko erabiltzen diren pareta berberak baitira grafiti idazleen euskarri. Asmo horrek berak, eta mostran zehar bisitariak irakur ditzakeen azalpen interesekoak, grafitiaren jatorri eta eboluzioaz gain,abagune polita ematen du arte mota honen izaeraz eta halakoek gure gizartean daukaten betekizunaz hausnartzeko.

Funtsean grafitia kale espazioa ulertu, bereganatu eta moldatzeko modua dugu. Oraindik arte txikia jarraitzen du izaten, azpikultura baten adierazpidea, akademia eta instituzionalizaziotik kanpo; baina jada sortu zenetik hasi ziren galeriekin hartuemanak, eta, apurka-apurka, erakundeetara hurbildu da. Egiaz museora sartzeak ez du kaletik urruntzea inplikatu; ordea, kalean kontraesanen artean bizi da grafitia. Gizartearen sektore batzuetan ospea lortu du, eta horregatik gobernu eta instituzio artistikoek irudi modernoa agertzeko ere darabilte, baina oro har, grafitia garatzen den herrialdeetan—gurean, esaterako—, legeak jazarria da. Orain gutxi Donostiako Banksy-ren ustezko grafitiaren gaineko afera dugu paradoxa horren etsenplu argia.

Aldi berean, grafitigileek gehiengoetara heltzeko nahia dute, baina baita gutxiengo baten partaide izatearen harrotasuna ere. Horri grafitien berezko hermetismoa gehitu behar zaio, bai formala —kode multzo aberats eta konplexuko lanak izaki, mundu horretan dabilenak soilik harrapa ditzake esangura eta balio guztiak—eta bai identitarioa—grafitigilearen sinaduraren atzean den benetako identitatea bere hurbilenekoek baino ez dute ezagutzen—.

Erakusketak grafiti idazlerik garrantzitsuenen lana agertzeaz gain, kultura adierazpide honen eboluzioaren gainbegiratua eta horren gaineko hausnarketa kritikoa bultzatzea bilatzen du. Hala, grafitia jende gehiagori hurbiltzeko eta berau ezagutzeko modu interesgarria dugu. Halaber, hiri kultura badela bistaratzen digu; sarritan itsutu arren, konturatu behar dugu kultura ez dela soilik instituzioek bultzatuta datorkiguna —kasu honetan hori ere hala izan arren!—, eta museo handietatik at badirela diskurtso ofizialenetatik bestelakoak diren adierazpide modu aberatsak. Ziur aski, mostra ikusi dugunon artean askok beste modu batez begiratuko diegu kalean grafitiei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.