Euskal Barrokensemble
Eguna: Abuztuak 5. Lekua: Santa Teresa komentua .
Ni, ni eta ni. Nik egin ditut musika moldaketak, nik planteatu inprobisazio uneak. Nik agurtzen dut entzuleria, nik deskribatzen dut nire diskoa eta ni, ni eta ni. Ez naiz musikari bakarlari baten emanaldiaz ari, talde batez baizik. Duela zortzi urte sortu zen Euskal Barrokensemblek Enrike Solinis gitarrista du ardatz nagusi. Taldearen lehengaiak nabarmendu beharrean, gurea dena niretzat esamoldea aplikatzen du. Sentikorra, jakintsua eta trebezia handiko musikaria dugu Solinis, baina beste hiru musikarien lana bigarren mailan utzi nahi izan du Hegoaldeko koloreak grabazioan. Musika barrokoa herrikoiarekin elkartu eta jolastu nahi duen talde horren musika konponketek ez dute bakoitzaren magia atera; gitarra eta lautea gozamen osoan, baina biolontxeloak, biolinak eta perkusioak ez dute beren distira une gozagarria izan.
Gure herri erritmoak diren fandangoa eta ezpata dantza ahaire kanariar eta andaluziarrekin nahastu ditu Solinisek, batzuetan tentsio gabeko pop musika alai eta freskoa zirudiena sortuz. Gustagarria izan da entzulearentzat, batez ere Antzinako Musika Ziklora sarritan hurbildu ez denarentzat, barrokoko musikei margolan koloretsua erantsi baitiete musikari euskaldun hauek. Bat aipatzekotan, Giovanni Kapsbergerren Colassione ederra izan da gitarraren dotorezian, Domenico Gabrielliren Ricercata pasio handiz Josetxu Obregonen biolontxeloan, eta ezin ahaztu Antonio Valenteren musika kutsakorra Miren Zeberioren biolinean. David Mayoral perkusionista euskarri izan du Solinisek, garatzen dituen mila inprobisazio deabrutsuetan. Talde lana, Euskal Barrokensemble deiturikoa, baina gurea dena niretzat hobe. Horrela aurkeztu da Enrike Solinis.
75. Musika Hamabostaldia. KRITIKA. Antzinako musika
Gurea niretzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu