Kritika. Musika

Guztiz itxurati

Arkaitz Mendoza.
2014ko otsailaren 6a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Luxenburgoko Orkestra Sinfonikoa

Zuzendaria: Emmanuel Krivine. Pianista: Nikolai Luganski.

Egitaraua: Johann Straussen Vienako basoen ipuinak, Frederic Chopinen Pianorako 2. Kontzertua eta DimitriXostakovitxen5. Sinfonia. Lekua: Donostia, Kursaal auditoriuma. Eguna: Otsailak 4.

Ez dute alemaniarren soinu lodi eta samurra, ezta frantziarren askatasun eta gardentasuna, eta inondik ere ez ingelesen zehaztasun perfektua; jatorri ezberdinetako kultur ondare ugari biltzen dituen musikari taldea da Luxenburgoko Filarmonikoa. Podiumean, salda bero horren isla bikaina: Emmanuel Krivine zuzendaria. Batzuetan zorrotz, bestetan ildotik at, aita errusiarra eta ama poloniarra duen batuta astintzaile horrek kontraesan aparteko irizpideak zabaldu zituen eskainitako musiketan. Johann Straussen bals batzuk giro alaian entzun daitezke Urteberri Festan baina arrotzak sentitzen dira auditorium bateko egitarauan, musika idatziak sakontasun falta nabaria baitu, eta Krivinen eskuetan guztiz fazati entzun zen.

Azken urteotan ezaguna zaigu Nikolai Luganskiren aurpegia gure auditoriumetan. Osotasun paregabeko piano jotzailea da errusiarra, bereziki musika lan erromantikoetan aditua. Frederic Chopinen filigranazko munduan dotoreziaz barneratu gintuen, melodia guztiak leun aditzera eraman arte. Indarra eta distira nabarmentzen dira haren teklatu jolasean, akorde beteak eta gainazaletik kanpora irten nahi duten udaberriko melodiak barne. Krivine maisuak bakarlaria ziurtasunez ulertu zuen, harizko instrumentuak muinera mugatu arte.

Pianoa albo batera eta orkestra gizena agertokira. Dimitri Xostakovitxen pentsamolde politikoak argi ikusi eta entzun ziren jorratutako sinfonian. Perkusioaren eztandak —neurrigabeko kaxa barne— eta haize metalezko instrumentuak gori-gori kiskali ziren partituraren lokatzetan, grina eta adorea interpretazioaren ardatz bilakatu arte. Largo atalaren lasaitasuna marmar hautemanezina izan zen, elkar entzuteko ariketa ederrean. Hala ere, lotura uneak nola edo hala iltzatu zituen zuzendariak, gogotsu eta itxurati agertu ziren Luxenburgoko orkestra-kideak bikaintasunetik aldenduz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.