KRITIKA. Musika

Hara hor Ara!

Ara Malikian biolin jotzailea, artxiboko irudi batean. RAFA ALCAIDE / EFE.
Arkaitz Mendoza.
2014ko azaroaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Angel Corellaeta Ara Malikian



Lekua:

Kursaal auditoriumean, Donostia.

Eguna:

Azaroak 24.



Musika klasiko gutxi, dantza klasiko pittin bat, ikusmin handia eta emaitza ez handi ez txiki, norberak sentitu beharreko ikuskizuna baita Angel Corella eta Ara Malikianek eratutakoa. Musikari elektrikoa, ezohikoa, betiko klasizismoa apurtzeko desioan barreiatu den izarra dugu Malikian. Nahiz eta musika klasikoko urratsak begien bistakoak izan haren hezkuntzan, soinuaren edertasunerantz ez da zurrun abiatzen; ez dio garrantzirik emango biolinean esaldikapen gozo eta garden bat jorratzeari; musika azaleratzea da haren helburua, saltoka, eserita, zutik, makurtuta, edota birtuosismo deigarriaren laguntzaz.

Angel Corella, berriz, bere egun handia ospatzen zebilen. Agertokiak kalitate handiko dantzari gisa utzi nahi ditu, ez beherakada petralean; erabaki eztabaidagarria baina ausarta eta leiala bere buruarekiko. Txalogarria izan zen haren Bartzelona Ballet taldean parte hartzen duten haur txiki, gazte eta dantzari helduen lanaz gozatzea; bakoitza bere ezaugarri eta bertuteekin, oro garbi, zintzo, erakusgarri, ikasitakoa taula gainean dirdiratzeko bihotzezko amodio sutsuan. Corellaren maisutasuna aipagarria izan zen, nahiz eta gorputzaren espresio fisikoan heldutasunaren seinaleak pairatu. Dayron Verak dotorezia aparteko hankak erakutsi zituen; fin eta etengabeko kadentzia erritmo liluragarrian jorratu zuen Arvo Part musikagilearen After the rain pasartea.

Ara Malikian libanoarraren harizko instrumentuzko boskotea erne aritu zen bakarlariaren inprobisazio guztietan. Malikian bere kasa, eta beraiek, nahiz eta jotzaile apartak ez izan, harmonia kontzeptuak bikain menderatzen dituzte Malikianen esanei erantzuna emateko. Azkeneko urteotan, libanoarrak soinua anplifikatuz burutzen ditu bere emanaldiak eta neketsu sentitzen da ordu erdia pasatu eta gero, arkuaren zarrastada bakoitza garunean kolpeka dabilelarik. Artista honek badu kalitate ikusgarria soinu garratz horretan ez desegiteko; gogoz entzungo nuke bai biolinaren soinu naturalean, egiazko musika sentiberatasunean. Corellari agur esan eta eskerrak eman beharko genizkioke sortutako dantza taldeagatik; ea dantza atzerrian sustatzeko ezinbesteko erabakia geroz eta urriago den gure artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.