'Haritik tiraka (Atrakzioen muntaketa; Ispilu irudia; Erraiezko arima)'
Non: Gasteizko Artium museoan. Noiz arte: 2013ko irailaren 1era arte.
Bere irekieraren 10. urteurrena ospatzeko, Artiumek, Haritik tiraka titulupean, elkar erlazionaturiko hiru erakusketaren bitartez, bere bildumari hurbilketa anizkuna egitea proposatzen du, norabide ezberdinetan atentzioa jarriz, praktika artistiko garaikidearen diskurtsoen konplexutasuna agerian jarriz. Bisita interesgarria oso, guztion ondare diren artelanez gozatu eta bildumatzearen gainean hausnartzeko.
70eko hamarkadatik Arabako Foru Aldundiak hasitako bildumak espainiar eta euskal arte garaikidea izan du objektu, orotariko 3.000 artelan eskuratu arte. Oro har, bilduma interesgarria da, maila nabarmenekoa. Artiumek, neurri batean Guggenheimen proposamen artistiko instituzional alternatiboa izateko erronkarekin jaio zenak, nahiko modu duinean egin ditu bere lehen hamar urteak, aldizkako erakusketa mordo bat antolatuz —horien arten aipagarriak benetan— eta bildumari —euskal arte garaikideko onena— modu sistematikoan jarraipena eta ikusgarritasuna emanez.
Mostra konplexu hau, hiru erakusketaz osatua, orain arte Artiumek bere bildumarekin izan duen jarreraren laburpen eta metafora da. Lehen urteetan lan garrantzitsuenetako asko jarri ziren erakusgai, modu kronologiko eta akademikoan. Gero, bildumako lanak erakusketa tematikoetan hasi ziren erakusten, piezak gai edo ideia bat adierazteko hautatuz. Teorian bigarren aukerak oso interesekoa dirudi, baina praktikan ez du beti funtzionatzen, eta hainbatetan tesi bat agertzeko lanen aukeraketa eztabaidagarria da, edota tesia bera lausoegia, lanak kontuan izanda. Baina funtsean bigarren joera hori da nagusi Haritik tiraka mostran.
Hiruretan, modu oso egokian, Oteizaren Homenaje a Velezquez lana —haren garapen estetikoari amaiera ematen ziona—aukeratu dute abiapuntutzat. Atrakzioen muntaketa deritzon erakusketan gure errealitatearen alderdi sozial eta politikoa modu kritikoan aztertzen duen arteari hurbilketa egitea proposatzen da, muntatze museistikoa muntatze filmikoarekin alderatuz. Ez dira falta Beuys, Oteiza, Txuspo Poyo, Txomin Badiola, Francesc Torres, Ibon Aranberri eta Joan Brossaren argazki, bideo eta instalazioak, besteak beste. Erakusketako alderdi neketsuena eta ilunena deritzot horri, baina hala da arte mota hau, eta egun duen indarragatik, bilduma batean egon behar du.
Bigarren mostra da Ispilu irudia, borobil eta interesekoena, lanek agertzen duten indar eta esanguragatik, eta baita planteamendu espositiboagatik, espazio ezberdinetan formalki eta tematikoki antolatu dituzten eragatik. Arteaz ari diren arte proposamenetan, autoerreferentzialtasunaz gain, karga estetikoa aipagarria da. Adierazpena eta keinua —Picasso, Saura, Tapies—, sintesia eta egitura —Palazuelo, Kenneth Noland, Elena Asins—, deseraikitzea eta hizkuntza —Badiola, CVA—, egilea —Gaüeca, Gortazar—, Deja vu —Equipo Cronica, Prego, Moraza— eta erakunde esparrua —Morquillas, Rodriguez Fundazioa— dira erakusketako gune nagusiak. Sailkapen tematikoa, formala eta kronologikoa konbinatzen dituen formulak modu egokian funtzionatzen du bilduma erakuskeko orduan.
Bukatzeko, Erraiezko arima da azken erakusketa antolamendua. Bertan, introspekzioa da hari nagusia. Gizakion alderdi intimo eta barrukoenari erreferentzia egiten dioten lanak daude, horien artean hainbat pieza aipagarri, Juan Muñoz, Dora Salazar, Perez Villalta, Ameztoi, Saura, Tapies, Mitsuro Miura eta Maider Lopezenak, baina leitmotiv-a hain da kontzeptu zabala, ezen orotariko lanak sartzen baitira bertan, eta ideia nagusia, lan indibidualek ager dezaketen interes propiotik at, disolbatuegia geratzen da.
Erakusketa hau inflexio puntu gisa uler daiteke. Museoaren urteurrena atzera begiratu eta balorazioa egiteko aitzakia egokia izateaz gain, egoera ekonomikoak museoaren kudeaketa gogorki baldintzatuko duen aro bat irekitzen du; eta aurrekoa kontuan hartuta aurrera begiratzeko, haritik tiratu ostean berriz sendo josten hasteko ordua da. Azken urteetako apustuaren ekarpenak onartuta —berrirakurketak ezinbestekoak dira—, nik nahiago bide akademiko eta kronologikoa, kontakizun eta diskurtso indartsua —artistikoki kalitate nabarmeneko lanak eta errepresentagarrienak agertu behar zaizkio publikoari, ezagutza eta gozamen estetikoa konbinatuz—, eta horien inguruan mikro kontakizunak, eta ez alderantziz.
Erakusketa espazioak bildumaren hautaketa bat modu iraunkorrean erakutsi beharko luke (picassoak, oteizak eta enparauak nahi den guztietan ikusteko aukera ahalbidetuz), bildumako beste lanak aldian erakutsi eta museoak antolatzen dituen aldizkako kalitatezko erakusketa programazioarekin jarraituz.
Artea. Kritika
Haria sendotuz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu