Kritika

Hasi berriaren xalotasuna

Arkaitz Mendoza.
2011ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Musika

Extremadurako Orkestra

Zuzendaria: Jesus Amigo. Biolinista: Alexandre da Costa Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: urtarrilak 24.

Pablo Sarasate biolin jotzaile handia jendartean egongo balitz, sekulako errieta helaraziko lieke bai Alexandre da Costa kanadarrari bai Jesus Amigo bilbotarrari. Grazia, harrokeria, fantasia, dantzarazi beharko lukeen erritmoa eta melodien bizitasuna guztiz galdurik ibili ziren Edouard Laloren Sinfonia espainiarra-n. Extremadurako Orkestra gazte honek hamarkada bakar bat du magalean, baina haren energia iturriak mende mordo bat duela dirudi, nekatia, pisutsua, serioegia, astuna eta Amigo zuzendariaren axolagabekeriaz zipriztinduta.

Sarasate biolin jotzaile basati eta erraldoiaren ondoan Alexandre da Costak arratoitxo bat dirudi Laloren musika giroan. Eskola errusiarretik irten berria, nota oro interpretatzearekin aski nahikoa izan zuen bere egitekoan, baina non ote da zabaldu beharreko urguritasunaren magia? Inon ez. Ez zituen esaldikapenen arteko mugetan soinu berririk gauzatu, egokitasuna lehen pauso jator bat izan liteke baina ez da azken helburu gisa tratatu behar. Amigoren besoetan ez zen musika antzematen, orkestraren ibilbidea isilik mantentzen den gidari baten pean balego bezala.

Hasieran jorratu zuten Joly Braga Santos portugaldarraren 3. Abertura Sinfonikoa koloretsu sentitu zen, eztandaz josia, erritmo latza uneoro taupadetan eta melodia herrikoiak airean. Txukun aritu zen orkestra; metal eta perkusio talde iskanbilatsu eta gogotsu bat pairatzeaz aparte, harizko atal itxura onekoa du Extremadurako Orkestrak.

Sarasatek gaztaroaren kemena beti baloratu izan zuen bere bizitzan eta horregatik, atsedenaldiaren ostean bere eserlekura itzultzeko asmoa izango zukeenManuel de Fallaren Hiru Puntako Kapera entzuteko. Erritmikoki bortizkeria eta soinu garratza iradokitzen ditu partiturak eta horretan Amigo iraunkor mantendu zen; hala ere, fagota ez ezik, zurezko haizearen melodia burrunbak ez ziren ameslari gozatu.

Ondorioz, utzi diezaiegun beste hamarkadatxo bat Extremadurako lagunei eta ea beren ibilbidean gorantz abiatzen diren, musika zuzendaritzan aldaketa sakon bat bihotz-bihotzez proposatu arren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.