KRITIKA. Donostiako 58. Jazzaldia

Hegoafrikatik Londresera

2023ko uztailaren 25a
00:00
Entzun

Abdullah Ibrahim Trio eta Nubya Garcia



Lekua: Donostiako Trinitate plaza. Eguna: Uztailaren 23a.

Jazzaldiaren saria eman dio jaialdiko zuzendariMiguel Martinek Abdullah Ibrahim piano jotzaileari. Hegoafrikako musikaren erreferentea, Afrikako jazza eta musika guztia irauliduena. Askatasunaren alde borrokatu diren musika eta musikaria. Musikan eta askoz ere kontu gehiagotan aitzindari izandako gizona. 88 urte ditu, eta lagunduta iristen da pianoraino. Oso apal jaso du saria, halako liluratik at egon nahiko balu bezala. Berehala jarri ditu lanean laguntzen dioten bi musikariak, eta himno moduko bat jotzen hasi dira Cleave Guyton, txirula zehatz eta doinu ederrarekin, eta Noah Jackson, txeloarekin. Bikain hasi da kontzertua, eta Hegoafrika aldera goaz, atmosfera bare, lasai eta espiritual batean. Behin eta berriz errepikatzen dute melodia, Ibrahim pianoarekin sartzen da. Dena lasai tempo luze batean. Badirudi estresaren aurka doala kontzertua. Hausnarketetarako bizitzari zor zaion denbora emanez. Musika horizontala dugu, paisaia zabaltzen da gure aitzinean. Xirula piccolo-arekin jarraituko du Guytonek oso era adierazkorrean; biziak dira doinuak, miresgarriak eta zehatzak notak. Jacksonek kontrabaxuari helduko dio, eta, sakontasuna eta sentiberatasuna uztartuko ditu, era erraz eta atseginean. Agurearen hatz luzeak aise ibiltzen dira tekla zuri-beltzen gainean, eta doinuak nahasten dira bere pianoan. Jazza eta Hegoafrikako folkloreko musika konbinazio perfektuan agertzen zaizkigu. Patxadaz, kontzertu intimista eman digute, eta bolumen minimoan gozatu dugu. Amaitzeko, Ibrahim, nekez zutitu, eta abesten hasi da, ahots zaharkitu eta tribal batez. Afrikatik ateratako esklaboen itzuliaz abesten digu... Agur, Ibrahim jauna, bide eredugarria zurea.

Londrestik datorkigu indartsu, kementsu, Nubya Garcia anderea... saxo tenorra jotzera dator, eta talde bikain bat zuzentzera. Sasoi betean ditugu musikariak, eta jazz-rock kontzertu itzela eskaintzera datoz. Sam Jones bateria jotzaileak indar frenetiko, azkar, urbano, moderno eta ikaragarri bat erakutsiko digu lehenengo unetik azkeneraino. Ukitu garaikidearekin datoz. Joe Armon-Jonesek pianoarekin sinistu ezin diren akordeak, kolpeak, notak eta era guztietako doinuak sortzen ditu. Pianoarekin orain, teklatu elektronikoarekin gero. Eskuak zabaltzen ditu batera eta bestera, arpegio eta eskala berriak sortuz etengabe. Europar jazz-rockaren jakinduria erakusten dute musikariek. Daniel Casimirrek kontrabaxuarekin ere solo miresgarria eskaini digu.

Zirraragarria elkarrekin jo dutena, Garciak saxoarekin eta Jonesek bateriarekin. Saxoa eta perkusioa baino ez, eta, ez zen ezeren falta sumatzen, dena osatuta zegoen, betea, eta horrelaxe pieza osoa... erritmo geldiezinak sortzen, kobrezko melodia sendoekin solasean.

Amaitzeko, dantzan jarri gaitu talde bikain honek. Trinitateko ikusleak pozik, beste garai bateko jaialdien lurrina gogora ekarriz. Behingoz, gorputzak astintzeko eman diguten aukera profitatu eta gure hezurrak dantzan jarri ditugu. Eskerrik asko, Garcia anderea, gau zoragarri bat eskaintzeagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.