Kritika

Hemendik ez oso urrun

Juan Luis Zabala / 'Dimisioa'
Juan Luis Zabalaren 'Dimisioa'.
Irati Majuelo.
2023ko azaroaren 26a
06:10
Entzun

'DIMISIOA'

Egilea: Juan Luis Zabala.

Argitaletxea: Susa.

Ibilbide luzeko idazlea da Juan Luis Zabala, eta askotariko genero eta estiloak landu ditu urteen joanean. Oraingo honetan, zientzia fikziora jo du hamabost kontakizun laburrez osaturiko liburuan. Istorio bakoitza independentea bada ere, denek dute amankomunean AGK (Agintaritza Global Konputarizatua) teknologia, gizateriaren egiturak, bizimoldea eta biziraupena antolatzen dituen adimen artifiziala. Izan ere, gizakiek euren burua gobernatzeari uko egin diote ipuin hauetan, dimisioa eman dute, liburuaren izenburuari keinu eginez.

Zientzia fikzioa tradizio luzeko generoa da, gureaz bestelako munduak imajinatzea, etorkizun posibleei buruz gogoetatzea duena ardatz. Horretarako, ekintza espazio-denborazko koordenatu imajinarioetan kokatu ohi da, balizko aurrerapen zientifikoei edo sozialei buruz hausnartzeko. Kasu honetan, Zabalak Euskal Herria hartu du kokaleku nagusi, etorkizunean independente izango den herri bat aurkeztu du, hari buruzko zertzelada gutxi eskaini arren: AGK-k aginduta lortu da independentzia eta euskara da hizkuntza nagusia, nahiz eta aberastasun linguistikoa galdu duen. Euskal Herritik kanpo ere, gizakiak Martera eta Ilargira bidaiatzeko gaitasuna du, baita bertan bizitzekoa ere, eta horri esker gainditu du krisi ekosozialaren erronka. Garaiari dagokionez, XXI. mendean garatzen dira kontakizun guztiak, gaur egundik 15, 20, 40 urtera.

Honenbestez, zientzia fikzioaren lehendabiziko printzipioari jarraitzen dio idazleak. Hala ere, hautu espazial-tenporalak istorioak eraikitzerakoan indar gutxi duela azpimarratu behar da. Gaurko errealitatetik gehiegi urruntzen ez diren testuinguruak sortu nahi izan ditu Zabalak, eta zilegia izan daiteke, oraingo kezkei heldu nahi dien heinean. Alabaina, oro har, zientzia fikzioak hauspotu ohi duen joera irudimentsuaren aldean, imajinazio txikiko etorkizuna proposatzen du lan honek: pertsonaien izenak eta hizkera arruntak dira, aipatzen diren erreferentzia kulturalak XX. mendekoak (Uztapide, Bowie, Kafka, eta abar), bizimoduan apenas dagoen aldaketarik adimen artifizialaren teknologiez gain eta harreman-ereduek bere horretan jarraitzen dute: familian ardaztutako bikote heterosexualetan. Hortaz, espazio-denborak aldatu bai, baina ez dira eszenatoki berriak espekulatzeko baliatzen.

Horrekin ez dut esan nahi genero hau ezaugarritzen duten hausnarketarik edota irakurketa politikorik ez dagoenik. Ironia eta idazkera argia lagun, utopia epela proposatzen baitu Zabalak, gatazkarik gabeko gatazka eragiten duena: ez dago gerrarik, planetaren biziraupena ziurtatuta dago, baina gizakiak bere burua gobernatzeko autonomia galdu du. Monitorizatutako bizitza horrek zenbait gai azaleratzen ditu: teknologiaren erabilera, kontrola, mesede-tratuak eta konspirazioak, besteak beste. Hala ere, idazleak panfleto-tonura jotzen du sarri, eta zenbait gai derrigortu samar lantzen direla sumatzen da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.