Kritika. Artea

Hil ezazu aita

Txomin Badiolaren lanak, Carreras Mugica galerian. CARRERAS MUGICA GALERIA.
2012ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Txomin Badiola: 'Una entrada, mil salidas'

Lekua: Carreras Mugica galeria. Bilbo. Noiz arte: urtarrilaren 27ra arte.

Txomin Badiolaren Una entrada, mil salidas erakusketa dago egunotan Bilboko Carreras Mugica galerian. 2003an Arte Eder museoko Malas formas erakusketaz geroztik ez da hirian Badiolaren lanik ikusi, eta pozgarria da berriro txoria etxeko kera gerturatzea. Oraingo honetan bisitaldia Malas formas-en baino modu ordenatuagoan egingo da, gutxiago sartuz eta irtenaz paseatuko gara, eta paretetara alboratuak izan diren formei espazioaren erdigunetik begiratuko diegu. Nahiz eta ikuslea ohiko pareta bertikalaren aurrean aurkitu, dena zintzilik, ezin da erakusketa era pasiboan disfrutatu; kontenplazioa akzioarekin ordezkatzeko momentua omen da. Artistak aipatu duen ikuslearen «tratu txarra» halaxe ulertzen dugu, ikusleari jaurtitako erronka moduan, non bisitaria ezin den esanahi osoaren magalean babestu, artea, Badiolaren hitzetan, ulertzeko modu osatuak kolokan jartzeko aukera paregabea baita.

Artistak sortzen dituenak azaltzeko malas formas kontzeptua baliatzen du, orain dela ia hamar urteko erakusketari izenburua eman zion esapide bera. Kontzeptu horrek eragiten duen artearekin lotzeko modua, kontzeptua izendatzeko modua baino harago, premiazkoa iruditzen zait. Paradoxa aipatuko du Gilles Deleuzek, urradura Didi Hubermanek edo parergon-a Jacques Derridak, arte objektuak adierazi behar duelako bere baitan bere ezintasuna, jasotzen duena bestean jaso ezin dezakeena, inoiz presentera ekarriko ez duena. Erakusketan har dezakegun testuan, merezi du arretaz irakurtzea, honelaxe aurkezten dira Forma txarrak: «Forma defizitarioak dira, osatugabeak. Osatugabeak izan arren, oparoak, joriak ere badira. Forma ona moduan ezagutzen dugunaren ezberdinak dira forma txarrak, ezberdinak bai baina ez kontrakoak. Forma Ona forma itxia, esanahi borobilduna, guztiz osatua da». Eta ez dira halakoak Badiolak egiten dituenak.

Anbiguetatea da nagusi orokorrean instalazioan, sinbolo oro hankaz gora jartzen da, eta ikuslea hieroglifiko baten aurrean sentitzen da. Deszifratzeko gogo itzela sortzen duen saltsa egituratzen du artistak, ezagunak egiten zaizkigu erabilitako erreferentzia ikoniko eta formal asko, beste asko ez, baina nabari-nabaria da ez gaudela ustekabeko biltze baten aurrean. Aitzitik, kondenatuta gaude hieroglifiko guztia inoiz ez argitzera; hala behar du izan, gainera. Caravaggioren David, horren eskua Goliat beldurgarriari eusten, gorputz biluziaren indarra, argiak eta ilunak, esaldi moztuak, Durerren autoerretratuak, mahai gainean pilatutako irudiak, buzo laranjadun mutil gaztearen errepikapena, fotokopiak, estalitako aurpegiak, egur aglomeratua, eskultura dekonstruituak, El Mundo egunkariko tortura irudiak, konstruktibismoaren asmoei egindako keinuak, Malevitxen gaitasun erlazionalak eta gizonezko gorputzen, ziten, aurpegien munduan… estalita batean, bistan bestean, emakume bat, Popova da.

WHO WHO WHO hitzak han eta hemen: nor, nor, nor. Eta burua aurkitu eta gero galdu egin da edo zer esango nuke ahots bat banu moduko esaldiak. Erakusketa, azken finean hau nire interpretazio txar bat besterik ez da, identitatearen inguruko gogoeta bat da, artearen eta subjektuaren identitatearen ingurukoa. Instalazioak, zeinak artea eta bizitza elkarrekin jokoan jartzen dituen, materialki eta estrukturalki antzematen den moduan, nabarmentzen du artikulazio beharra; beharbada, multzoaren edo kolektiboaren defentsa moduan ere uler daitekeena, nahiz hori, kolektiboa, txarra, urratua edo paradoxikoa izango den ezinbestean. Hertzainak taldearen kantua gogoan, hil ezazu aita, hil ezazu aita, bereziki gomendatzen dut erakusketa, gogora ekarriz mitoa beti bihur daitekeela delitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.