Kritika. Antzerkia

Hiru mila euro

Agus Perez.
2013ko irailaren 21a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
'El crédito'

Egilea: Jordi Galceran.

Zuzendaria: Gerardo Vera. Aktoreak: Carlos Hipolito, Luis Merlo.

Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Lekua: irailak 19.

Kreditu bat eskatu dio bezeroak sukurtsaleko zuzendariari, hiru mila euro besterik ez. Baina, abalik ezean, bankuak ezin dio dirurik eman ondasunik gabeko bezeroari, emandako hitza ezin delako eurotan kuantifikatu. Oinarri arrunt horretatik abiatuta, protagonista biei korapilatzen zaizkie gauzak, eta bai bezeroa bai bankaria puntu pentsaezin bateraino ailegatuko dira, elkarri botatako desafioetan harrapatuta.

Nolabaiteko vaudeville kutsua duen komedia honetan Jordi Galceran egile katalanak abilezia handiz konbinatu ditu adimen handiko dialogo erdi surrealistak, ageriko kritika sozioekonomikoa eta kalitatezko egoera komikoak, jakitun izanik barre artean hobeto barneratzen ditugula sakoneko mezuak. Euskal Herrian ikusitako bere aurreko lanetan bezala —Dakota (Tanttaka, 1998), Gronhölm metodoa (Txalo, 2008)— indartsua da pertsonaien nortasuna, egileak ganorazko ezaugarri askorekin hornitzen dituelako. Oraingoan, gainera, bilakaera esanguratsua izan dute, eta hori lagungarri egin zaigu euren ahotik irtendako ateraldiei sinesgarritasuna ematerakoan.

Eszenaratzeari dagokionez, azpimarratzekoa da elementu guztien arteko koherentzia: zuri-beltzeko argiztapenak eta eremu eszenikoaren diseinu funtzionalak asko erraztu dute antzezleen jarduna, eszena-zuzendariak diseinu hori aprobetxatu du hitzetatik haratago dinamikak sortzeko, eta noizbehinkako irudi proiektatuek auzo baztertuen miseria iradoki dute, zeharo figuratiboak izan gabe.

Taula gainean Carlos Hipolito eta Luis Merlo ikusi ditugu bankariaren eta bezero tematiaren roletan hurrenez hurren. Lehenengoa ezaguna da aspalditik, eta aktore handitzat jotzen dut Arte edota Historia de un caballo-rekin Arriagara etorri zenetik, baina Luis Merlo aspaldiko espainiar telesail bateko aktore izateagatik da famatua, eta niretzat ezuste atsegina izan da Hipolitoren maila berean ikustea. Izan ere, inspirazioz beteak zeuden biak ala biak, eta denak emanda ibili dira, esku artean zuten rol gozoei ahalik eta zuku gehien ateratzen, neurtuta beti, gehiegizko histrionismoan inoiz erori gabe eta —garrantzitsuena dena— elkar errespetatuz, protagonismo berezirik bilatu gabe, eta elkarrekin distira emanez antzezlanaren erabateko estreinaldiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.