HAUR ETA GAZTE LITERATURA. 'Kortsarioen ostatua'

Hiru olatuak

2015eko abenduaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Idazlea: Dani Fano. Ilustratzailea: Guillermo Gonzalez. Argitaratzailea: Ikastolen Elkartea.

Gutxitan jakiten da nondik iritsiko den albistea. Esaterako, udazken gozo honetan, hiru olatu bezala, itsasaldetik iritsi dira. Urri aldera François Bourgeonen Les Passagers du vent bolumen bakarrean argitaratu zuten Astiberrikoek gaztelaniaz, eta ezin hitzez azaldu itsas abentura haiekin hartu genuen gozatua. Arnasa doi hartuta, paretsu iritsi zen gure kostaldera Fructuoso eta Harrieten Justin Hiriart baleazalearen abenturen edizio osoa, 1980ko hamarkadan atalka sortutako harribitxi bat, orain arte osorik gozatu ezin izan duguna.

Eta ez bat ez bi, Kortsarioen ostatua-k hirugarren olatuarena egin du. Olatu xumeagoa dela esango dugu, zintzo jokaturik, aurreko bi obrak duela hiru hamarkada maisulanen Olinpora igotako kultuzko bilduma luzeak diren bezala, hirugarren olatu hau laburragoa baita, eta desberdina... Baina ez makala, ez horixe.

Desberdintasuna helburuetatik bertatik sortzen da, haiek fikziozko obra hutsak ziren bezala, honek fikzioa bitarteko gisa darabilelako, dibulgazioaren mesedetan.

Bai, hala da, Kortsarioen ostatua lanak, komikiarekin batera, azalpen testu harrigarriki ongi dokumentatuak eskaintzen dizkigu, besteak beste komikiko gidoia sortzeko informazioa nondik jaso duten argitzeko.

Sei ataletan banatuta dago liburua, egitura errepikatu honekin: atalaren portada ilustratua; 6-8 orrialdeko komiki bat kortsarioen abenturekin; azken orri bat abentura harilkatzeko erabili diren historiako pasarteen agerpenarekin, eta itsas-gintza azalpenekin, informazio guztia hainbat testu multzotan banatuta. Azalpenak jasoak direnez, eta gidoiak eskatzen duenean pasarte gordinak agertzen direnez, nerabe eta helduen neurrikoak dira atal guztiak.

Ilustrazio lanean garaiko ezaugarrien errepresentazio fidela egiten saiatu dira, xehetasun txikienetan ere, eta denboraren makinan igotzearen inpresioa eragiten dute.

Hurbilpen historikoak fikzioaren eskutik etortzen direnean, egilearen baitan dago emaitza. Oraingoan bibliografiak eta ematen dituzten azalpen ongi dokumentatuek lana zintzo eta zorrotz egin dutela adierazten dute, ordu askotako izerdia nabaritzen da bai testuetan zein irudietan; eta, noski, emaitza ere tamainakoa da, zeren, nire pozerako, historia libururik onenen pareko irakaspen magistral bat jaso baitut komiki honetaz gozatu dudan bitartean.

Informazioa testu korrituan beharrean multzotan emanda irakurketa arindu egin da, informazioa eskuragarriago jarriaz.

Komikien kalitate historiko eta grafikoa zalantzan jarri gabe, gidoiak pixka bat hankamotz gelditzen dira abentura aldetik. Baliteke formatuak behartutako kontu bat izatea, baina asko eskertuko zen istorioei arnasa apur bat gehiago eman, eta abenturak luzexkoago joko balute.

Dena den ez kasu gehiegi egin nire arrangura honi, ziurrenera bikaintasunak sortzen duen aseezintasuna duelako jatorri...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.