Kritika. Zinema

Historiaren ur-lasterrak

Gontzal Agote.
2014ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
'The Grandmaster'

Zuzendaria: Wong Kar-Wai. Aktoreak:Zhang Ziyi, Tony Leung eta Chang Chen.

Arte martzialak bai, baina hori baino askoz gehiago ere bai. Hainbat generoren arteko film generizaziorik gabekoa da Yi dai zong shi. Gertaera historikoak, borroka eta filosofia uztartzen duten borrokaldiak, eta burutu gabeko maitasun istorioa zirriborratzen duen melodrama. Hori guztia zuzendariaren estilo dotore eta imitaezinean emana.

Kung-fua baino garrantzitsuagoak dira testuinguru historikoa eta historiaren ur-lasterrak bere emarian daramatzan gizon-emakumeak, ur-lasterrak noiz amaituko diren jakiterik ez dutenak.

Berrogeitaka urte hartzen ditu filmak barnean, xehetasunetan sartu gabe, historiaren dialektikak bazterrean utzitakoen bitartez. Ez baita film historikoa, norbanakoen epopeia txikiek mosaiko handiari ematen dioten kolore zertzelada baizik.

Ip Man eta Gong Er txanpon beraren bi aldeak dira, oreka osatzeko behar den yin eta yang. Horren adibideak ugariak dira pelikula osoan. Lehenak bertikala aldarrikatzen du; horizontala, aldiz, Gong Erek. Edota Ip Manek jasotakoa zabaltzen segitu nahi du irakaskuntzaren bitartez; maisuaren alabak, berriz, amaitutzat ematen du bidea, ahaztu nahi du.

Bien artean dagoen erakarmena distantzia bihurtuko da, ezinezko bihurtuko da, etengabeko mugimenduan dagoen gurpilari kateatuta daude.

Wong Kar-Wairen estiloa filmaren bigarren zatian gailenduko da, orduan emanen du bere onena Yi dai zong shi-k. Ordu arteko narrazio klasiko samarra eta lineala guztiz hautsiko du, eta onirismoaren lanbroan murgilduko da istorioa, denboraren arau zorrotzei kosk eginez. Azken parte horretan askoz nabarmenago eginen da Kar-Waik bere epopeia eraikitzeko orduan izan duen erreferente nagusia: Sergio Leone eta haren Once Upon a Time in America.

Film desorekatua da, muntatze gelan igaro dituen ordu gehiegizkoak kalte egin diote emaitzari, une ederrak ditu, baina ez da guztiz borobila. Lehen partean, kolore, mugimendu eta testurekin mozkortuko gaitu zuzendariak; bigarrenean askeago sentituko da bi gizaseme ipargabekoen bakardadea eta nahigabea nahi duen neurri eta doinuan kontatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.