'Gizon gogorraren sekretua'

Hitzek salbatzen gaituztenean

2015eko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Egileak: Xabier eta Martin Etxeberria. Argitaletxea: Elkar.

Azken aldian, puri-purian dabiltza euskal literaturan genero beltzaren adar ezberdinei heldu nahi dieten joerak. Orain arte aski ez jorratutako Euskal Herriko testuinguru post-industrialean kokatutako nobelak izan ohi dira. Xabier eta Martin Etxeberria anaia zarauztarrek lau eskutara idatzitako Gizon gogorraren sekretua (Elkar, 2015) lanak esaterako argitaletxe honetan bertan berriki kaleratutako Iñaki Irasizabalen Aita gurea ekarri dit gogora. Izan ere, osagaiak nahiko antzekoak dira, «ven y cuéntalo» hartatik urrun oso:grisez tindatutako gainbehera industrialeko gatazka sozialak,bilbatze narratibo ezberdinak, erredentzioaren bila dabiltzan galtzaileak...

Aurretiaz, hiru eleberri dituzte lau eskutara idatziak: Itxoidazu Cafe de Passy-n (2004), Ez dadila eguzkia sartu (2006) eta Arrain abisalak (2009). Bakoitzak bere aldetik, Xabierrek nobelagintza jorratu du gehienbat; Martinek, berriz, irudi poetikoak ehuntzeariheldu dio banakako lanetan.Nobela honetan, argamasa ezinbestekoa osatuko dute irudiok.Inauteri egunetan harilkatutako krimen baten osteko tentsio narratiboa maisuki mantentzen dute bi anaiok, berariazko zaien osagai nagusiaren laguntzaz: brotxa lodiko umorerik agerikoenetik umore finaren arteko etengabeko joan-etorriak.

Erre gizon arrunta da; bere gainbeheran, dena galdu duen gizon arruntaren zantzu guztiak agertzen ditu behintzat. Donostia inguruko pabiloi industrial batean bizi da Realak azkenekoz bigarren mailan eman zituen garaietan. Aita faltsu batek zorrez ehundutako amarruaren ondoren heldu da gainbehera;bizirik uste duen emaztea ere galdua du, eta alkohola du babes bakarra errealitatearen aurka Tiniren ermita-tabernan. Inauteriakhastearekin bat, Gorri sindikalista hilik aurkitu gauean hartutako mozkor galantaren ondoren galdutako memoria berreskuratu nahi du Errek, leporatu liezaioketen errua arintze aldera. Izan ere, Laminados del Norte enpresan aurkitu dute Gorri urkatuta, Erreren eskuetara heldu den belarria eta zakila moztuta.Detektibe alderrai horren «laguntzaile» gisa, Jota mutiko «atzeratu» eta filosofo aparta eta Burdel King putetxean lanean ari den eta sexu kontuak arinduko dizkion Eme beltzaran masokista. Errek badu beste ezaugarririk: Jon Alonsoren Camembert helburu (Susa, 1998) irakurtzen du.

«Ez naizenak, izan ez naizenak eta jada izango ez naizenak ematen dit min, mainguari eguraldia aldatzen denean zango anputatuak min ematen dion bezala, Rimbaudi ebaki zioten zangoak min ematen zion bezala», leitzen du Errek bere bitakora koaderno partikularrean. Xede horrekin ekingo dio hankarik ez bururik ez duen detektibe jolasari, infernurako bidean. Beste ildo narratibo batean, Karmele ertzain arduratsua, kale-borrokan buru belarri sartutako alabaren gatibu, EguneroHertzainak-en kantuarekin torturatuz,krimenaren bertsio ofizialetik urruntzen saiatuko da. Topikorik gabeko nobela honek badu parabolarako joerarik; infernuaren erdian zaudenean umoreak eta hitzek bakarrik salbatu zaitzakete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.