KRITIKA. Zinema

Hondamendi kolektiboa

'Il capitale umano', Gontzal Agote
2015eko apirilaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zuzendaria: Paolo Virzi. Herrialdea: Italia. Urtea: 2013. Iraupena: 111 minutu.

Zinema italiar garaikidea azken urteotan nazioartean izaten ari den dinamismoari esker, tantaka zenbait pelikula interesgarri ikusteko aukera izaten ari gara. Oraingo honetan, Paolo Virzi beteranoaren txanda izan da, ia bi urteko atzerapenarekin bada ere, azkenean Donatello sarietan nagusitu zen filma iritsi da gure pantailetara.

Stephen Amidonen moldaketa librea da Virzik proposatzen duena, eta letrak pantailara eramateko orduan begirada kaleidoskopikoa aukeratu du: hiru pertsonaia nagusiek gertaera berberen gainean beren bertsioa emanen dute, bakoitzak narrazioari xehetasun berriak erantsiko dizkiola. Hori errematatzeko, epilogoa dugu, filmaren tarterik ahulena.

Dramaren eta komediaren arteko oreka gordetzea ez da batere afera erraza izaten. Alde horretatik, Il capitale umano onik aterako da askotan horren kaltegarri gertatu ohi den nahasketa arriskutsu horretatik. Filmaren lehen atalean komediaren baliabideak nagusituko dira, Nanni Morettiren film batetik aterata dirudien Dino Ossola pertsonaia xelebrearen karakterizazioaren bitartez. Hortik aurrera, baina, istorioaren garapenak gero eta tonu ilunagoa hartuko du, azken atalean -gaugiroan gertatuko dena- guztiz beltza izateraino.

Garapen hori ez da kasualitatez gertatu, zeharo lotuta baitago filmak benetan kontatu nahi digunarekin, pertsonaien gorabehera pertsonalen gainetik. Izan ere, Italia eta Europa garaikideen erretratu sozial eta morala eskainiko digu pelikula honek, hondamendi baten kronika. Argitasunari eta koloreari estuki lotuta, oparotasunaren garaia irudikatuko du hasieran, eta egungo egoeraren zulo beltzean bukatzeraino.

Bilakaera horretan guztiz ezagunak diren elementuak agertuko dira: handinahiak bultzatutako zorpetzea, nahi eta ezinaren arteko lubaki galgarria, ahaldunen eskrupulurik gabeko jokabideak, kulturaren erabilera merkantilista... Horrekin batera, belaunaldien arteko talka ere marraztuko du Virzik; ustez dena eskura zuten gazteek nagusien mundua harri-kartoizko dekoratu bat besterik ez zela egiaztatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.