Donostiako 71. Zinemaldia. KRITIKA. Zuzendari Berriak

Hormak pitzatzen jarraitzeko

Uxue Arzelus Lasa.
2023ko irailaren 28a
00:00
Entzun

'Achilles'

Zuzendaria: Farhad Delaram. Herrialdea: Iran-Alemania-Frantzia. Iraupena: 116 minutu.

Faridek —Achilles ezizenez—, gauez lan egiten du Teherango ospitale batean. Ez da medikua, ez da ortopeda, eta, hala ere, urteak daramatza lan hori egiten. Lanaldia amaitzean bere autora joaten da, eta bertan lo egiten du egunez. Apatia egoera batean bizi da Achilles, eta inork eta ezerk ez du eratu duen pareta hori apurtzen. Gau batean, psikiatria pazienteak dauden solairura igo beharko du, emakume batek eskumuturrean mina hartu baitu. Solairu hura zeharkatzen duen lehen aldia du gizonak, eta Fariden pareta horretan zerbaitek pitzaduratxo bat eragin duela dirudi. Bertan ezagutuko du Hedieh, hormek gehiegi hitz egiten zutela eta, kolpeak emanez eskumuturra urratu duen emakumea.Hedieh eroso sentiarazteko ekintza txikiak egiten hasiko da Farid, baina emakumea preso politiko bat dela ohartzean harekin ihes egitea izango da aukera bakarra.

Irango erregimen zapaltzailea dela eta, bizitza oso bat atzean utzi duten pertsonaiak dira Achilles eta Hedieh. Achillesek borondatez egin zuela esan daiteke, istorioak aurrera egin ahala ikusiko dugun bezala, gizona zinemagilea zen, eta estatuaren zentsurak bere lanean eta bizitzan zuen pisuaren ondorioz dena uztea erabaki zuen: familia, lana, etxea. Eta, apurka, bere inguruaz eta iraganaz ustez babestuko zuen pareta eraiki zuen. Hediehk ez zuen aukerarik izan: familia, lana eta etxea utzi behar izan zituen aktibista politiko gisa egiten zuen lanarengatik atxilotu zutenean. Inguratzen duten hormek, ordea, ez dute emakumea babesten.

Farhad Delaram zinemagile irandarraren lehen film luzea da Achilles. Gidoia idatzi zuenean argi zuen filma egin beharra zegoela, eta produkzio etxe guztiek ezezkoa eman ziotenean, are argiago ikusi zuen: ezinbestekoa zen filma egitea. Itogarria den gobernu baten aurrean herritarren, bizilagunen, komunitatearen gizatasuna azpimarratu nahi izan du zinemagileak, eta, Iran bezalako herrialde batean, duen garrantzia eman dio zinema egiten jarraitzeari: horma horiek guztiak gutxinaka pitzatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.