KRITIKA. Artea

Indar erakustaldiaren ajeak

Mikel Onandia Garate.
2014ko azaroaren 4a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00

'Gure garaiko artea'



Lekua: Guggenheim museoa, Bilbo. Noiz arte: 2015eko maiatzaren3ra arte.

Frank Gehryren katedraleko areto guztiak Guggenheim fundazioko bildumetako lanekin bete dira, museo bilbotarraren eta Solomon R. Guggenheim fundazioaren arteko 20 urteko kolaborazioa ospatzeko eta akordioaren arrakasta publikoki erakusteko asmoz. Indar erakustaldi indartsuaren atzean, baina, aspektu ilunak ere badira, kezkagarriak asko.

Ehun obra baino gehiago dira, batzuk bisitarion lagun zaharrak jada, denborarekin irabazten duten piezak, besteak berriak, New Yorketik helduak. XX. mendeko artea islatzeaz batera horren konfigurazio historikoan modu aktiboan parte hartu duen Guggenheim funtsen selekzioa gal ezin daitekeen punta-puntako erakusketa da. Lanen kopuru eta aniztasunak erakusketaren diskurtsoa lausotzen badu ere, fundazioaren lanen laudorio dudaezina suertatzen da.

Abangoardia historikoetatik hasita gaur egunera arteko lanak biltzen dira. Zaharrenen kasuan, abstrakzioaren bidean gertatutakoek presentzia berezia dute, Kandinskiren lirikotasuna testigu; ez dira falta, bestalde, Picasso, Delaunay, Chagall, Tanguy, Albers edo Modiglianiren lanak. 40 eta 50etako espresionismo abstraktu estatubatuarraren erreferenteak —Rothkoren koadro ikonikoa izar, alta Pollock modu egokian ordezkatu barik— eta Europako mugimendu piktorikoen etsenplu ederrak ere badaude —Jorn, Appel, Dubuffet, Saura-. Txillidak eta Oteizak, bi euskal popeek, areto bana dute, alta minimalismoaren lan batzuen falta sumatzen da, Panza bilduma gogoan. Pop artea ere ez da asko bereizten, nahiz eta ezin falta Warholen marilynak, eta pieza interesgarrienetakoa den Dario Villalva donostiarraren Zain.

Bigarren solairuan tamaina handiko lanak daude: Sol LeWitt-en instalazio piktoriko ikusgarria, Rauschenbergen zarata bisuala, Kiefer-en tragikotasun piktoriko sublimea, Twombly eta Baselitz-en serie monumentalak, Katz-en erretratu artegagarriak edo Navarroren hiri maketa erraldoia; hotz uzten ez duten horietakoak. Behean kokatu azken lanek nazioarteko arte foku berriak ere aintzat hartzen direla demostratu gura dute —horren adibide Mona Hartum, Ai Weiwei edo El Anatsui-ren piezak eta Badiola edo Iglesias euskaldunak ere sartu dituztela; hori guztia museoan finko dauden Serra, Holzer, Kapoor edo Koons-en lanekin bat.

Pieza indibidual bikainekin osatu erakusketak, halaber, ez gaitu itsutu behar. Ahanzturan geratu dira museoa sortu baino lehenagoko erasoak, baita behin martxan agertu ahots kritikoak ere. Ostera, jaiotzetiko bokazio enpresarialak indarrean dirau —produktua: kultura; helburua: ekonomia—. Titaniozko erraldoiak gauzatu Bilboren transformazio urbano eta ekonomiko arrakastatsua helburu zuen krensifikazioak bestelako ondorioak izan ditu, hala nola marka korporatiboaren eta promozio mediatikoaren lehentasuna programazio artistikoaren kalterako izatea eta New Yorkeko egoitzaren sukurtsal gisa funtzionatzea, dena komunikabideen dibulgazio akritikoak lagunduta.

Guggenheim barik ezagutuko ez genituzkeen pieza eta artistak hurbildu arren, programazioa ozeanoaren beste aldean erabaki da, eta gehiago izan dira publiko kopuruan pentsaturiko erakusketak, erakusketa mamitsu eta kontzeptualki aberatsak baino, halakorik izan bada ere. Egia da abokatu asko eta arte espezialista gutxi dituen museoak ez dituela bere helburuak ezkutatzen (zuzendaria ez da ekonomialaria kasualitatez), baina propagandaren atzeko iluntasunak arkitektura jenialaren edukien inguruan zalantzak pizten ditu.

Erosketa politikaren irizpideak ez daude batere argi —izen eta tamaina handiak gehienetan; merkatuan ondo kokatu artisten lan objektualak, pintura eta eskultura nagusi—, horrelako operazioek eskatzen duten diskrezioa sekretismo susmagarri batekin ordezkatzen baita. Oro har, ez da produkzio propioa sustatu, eta bertako profesional independenteak gutxitan izan dira barne dinamiketan parte hartzera gonbidatuak, eta bildumagintzaren eta sortzaile eta komisario gazteen inguruan gauzatu programa apurrak anekdotikoak eta lotsatiak suertatu dira.

Bestelako gestio ereduak dira desiragarri; artelan gutxi batzuek kostatu dutenagaz, trukatze eta hauspotze lan sendoak egin zitezkeen bertako artistekin bat, galeria lokalekin, unibertsitatearekin, espazio alternatiboekin eta museo probintzialekin. Jaiotzetiko helburuetakoa zen euskal artearen kartografiari ere kostatzen ari zaio abiatzea, eta Bilbo nazioartean erreferente bihurtzeak ez du euskal artearen proiekzioa ekarri —kontsakratuena ez bada—.

Honegatik guztiagatik, apurketarena ez, baizik eta egiazko emantzipazioaren momentua heldu da, orain arteko alde bakarreko erlazio tutelatua buruz buruko kolaborazioaz ordezkatzeko unea. Bilboko Guggenheim museoa, bai. Museo autonomo, kritiko, sozial eta lokala, bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.