Kritika

Inkontziente?

Xabier Salaberria artista donostiarra, Carreras Mugican jarritako pieza baten alboan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Haizea Barcenilla
2011ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Artea

'(Inkontziente / kontziente)'.Xabier Salaberria.

Non: Carreras Mugica galerian (Bilbo).

Noiz arte: martxoaren 4ra arte.

Xabier Salaberriaren erakusketa ez da erakargarria. Ez da lilura eta pasioa pitz ditzaketen horietakoa. Carreras Mugica galeriaren aurretik pasatzen denaren begirada ez du erakarriko, eta gutxi izango dira bertan erakusten diren objektuekiko miresmena sentituko dutenak.

Beraz, bitxia izan arren, guztiz arrakastatsua da (Inkontziente / kontziente), Salaberriaren nahiei dagokionez. Berak ez du objektu magiko eta auratikoak sortzeko inolako asmorik. Artea horrela hautemanda izatearen arrazoiei so egitea nahiago du, objektu beren sorrerari ekiteari baino.

Izan ere, artistak artearen izaera eta haren aurkezpenaren inguruan egiten du gogoeta, hori delarik luzez jarraitu duen ikerketa artistikoaren bidea. Artea noiz eta non bihurtzen den arte, zerk bihurtzen duen arte, alegia. Zenbaitentzat ontologikoegia izan daitekeen gaiak pisu politiko handia du, bitartekaritza delako, azken finean, bidaltzen diren mezuen azken erantzulea.

Horregatik eskaini dio arreta Salaberriak sarritan. Gure Artea sariaren finalerdikoetan ikusi genuen piezak diseinuaren eta eskulturaren arteko harremanak aztertzen zituen, bien arteko mugen inguruko zalantzak elikatuz; eta, saria eraman bazuen ere, askok ez zituzten muga horiei buruzko ezbairik izan, eta apalategitzat hartu zuten lana. Ondorengo Artiumeko erakusketan, ordea, display-aren ikerketan jarri zuen arreta, hots, nola aldatu den horren erabilera denboran zehar, eta nola eragiten dion estruktura horrek artearen definizio, hautemate eta balorazioari. Hori da (Inkontziente/kontziente) mostrarako garatutako gaia, Gure Arteako kasuan baino dispositibo zabalago batez.

Oraingoan estrategia konplexuagoa da, eta izaera politiko zuzenagoa erakusten du: Manolo Laguillo argazkilariari enkargatu dio Bartzelonan dagoen Errepublikako pabiloiaren hainbat argazki ateratzea. Parisko 1937ko Erakusketa Unibertsalerako Sert eta La Casak sortutako eraikinak une politiko oso jakin bateko lan konprometituak erakutsi zituen, haien artean Picassoren Gernika eta Calderren merkuriozko iturria. 1992ko Olinpiar Jokoetako berreraiki egin zuten, eta gehiegi nabarmendu gabe existitzen da Bartzelonako periferian.

Berorrek atera ez dituen argazkiak erakusten ditu Salaberriak berak sortutako instalazio berezian: bereak dira markoak, markoak heltzeko sistemak (antzinako sistemen kopia), bankuak, galeriaren espazioaren banaketa. Beraz, oro har artistaren lantzat har daitekeena beste batek bete du, eta, alderantziz, teknikari edo komisariek egin ohi dutena da artistaren lana. Hautatutako subjektua ere Gernika lan politikoaren marko izan zen, sormen lan eta instalazio hein berean. Zer da berez artelana ? Artistak egiten duena, artistak egiten duen hori ikusleek hautemateko modua, edo arte munduaren onespena?

Gehiago zorabiatzeko, argazkiekin batera, Salaberriak Calderrek 1937an egindako lanaren berrikuspen bat ere ematen du: merkurio iturri bat, garaian Francoren tropek hartutako meatze herri bati aipamena egiten ziona. Salaberriaren bertsioa (txikiagoa eta merkurio gabea) Lars Bang Larssen kritikariaren testu batekin aurkezten da. Hori gure gizartearen ideologiaren galeraz mintzatzen da, modernotasunaren mugimenduek sentitzen zuten nahi iraultzailea eta egungo helburu gabeziak eta orientazio falta konparatuz.

Hainbat kontraesan sortzen dira elementu horien elkarketarekin. Lehenik eta behin, Poinsot, Glicenstein edo O'Neill ikerlariek argi utzi dute erakusketaren antolamendua, bitartekaritza eta instalazioa beti dela politikoa, kontziente ala inkontziente izanda ere, mezuen interpretazioaren ardura hartzen duen horretan. Izenburuari so eginez, ondo daki Salaberriak hori; bere gaien hautaketa ez da zorizkoa. Orduan, nola ulertu Bang Larssen eta Calderren lanen gehiketa? Pisu politikoa nabarmendu eta ezeztatu al daitezke mostra berean? Erabil al daiteke Errepublikako pabiloia, besteak beste, zentzu politikoz kargatutako estruktura display-aren inguruan soilik hitz egiteko?

Horrez gainera, honako hau aitortu beharra dago: Salaberriaren lanaren nahia bera da haren arazorik garbiena. Aura artistikorik ez duten instalazioak sortuz, keinuek duten esanahia aztertuz, erakargarritasun fisikorik ez duten proposizioak luzatzen dizkigu. Tematikoki interesgarriak izan arren, haien materializazio estetikoak ezin dio diskurtso teorikoari eutsi. Oraingo honetan, Carreras Mugicako lehen aretoaren transformazioak sentsazio bat bideratu badezake ere, espazioaren eraldaketak eta argazkilari/instalatorearen artean banatzen den artistaren rolarekin; bigarren aretoak, berriz, Calderren inguruko gogoeta erakusten duena, hipertestuan galtzen da, eta azkenean nahasten gaitu (ez da gauza bera galderak planteatzea eta nahastea), entsegua delarik edozein objekturen gainean presentzia nagusia mantentzen duen elementua. Azkenean, gaiaren inguruan irakurtzera bultza gaitzake; itzuli eta piezak berriz ikustera, tamalez, ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.