KRITIKA. Musika

Iragana urreztatuz

Arkaitz Mendoza.
2016ko abenduaren 20a
00:00
Entzun

'Ohiberritze'

Egilea: Ramon Lazkano.Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Abenduak 18.

Euskaldunak azaleratzen duen lehendabiziko izaera itxia izan ohi da. Sufrimendua, gatazka, algara neurtua eta besteekiko emate amaigabea lehen bote prontoan nabari zaio. Kulturan ez ditugu su artifizialak lehen konpasetan botako, eta ziurrenik, ezta amaieran ere; nahiz eta izerdi tantak kiloka pilatu gure kopetetan, umiltasunak eta lanarekiko leialtasunak ez gaitu harropuzkerian murgilduko. Horrelakoa da Ramon Lazkanok diseinatutako Ohiberritze deiturarekin euskal kultura osotasun ederrean omentzen duen ikuskizuna. Donostian eta Parisen plazaratu da, baina mundura hedatzeko aspaldian aurkeztu den baliorik preziatuena da Lazkanok planteatutakoa; iraganaren ahoz aho liluratzen ziren kanta xume ederrak Maurice Ravelen Biolin, Biolontxelo eta Pianorako Hirukote helduan mamitzen dira; musikaren eta hitzaren arteko maitasun gartsua gaurkotasunaren seinale den Lazkanoren operaren lehen zirriborro honetan isuri da. Euskaldunok iraganaren harribitxiak gaurko urre oholtzetan bilakatzeko ausardia badugu.

Tehenta emakumezko ahots seikoteak Zuberoako kanten erritmo eta melodia bereizgarriak gerturatu zituzten. Asier Polok biolontxeloan, Massimo Spadanok biolinean eta Marta Zabaletak pianoan, Ravelen Hirukotea aldarera eraman zuten; ganbera musika zoragarria izan zen, patxada uneko isiltasun eta jariakortasuna kilikagarria izanik. Ezin pasarterik nabarmendu, oro txalogarri, Ohiberritze proiektuan onenak daudela frogaraziz. Jarraian, emozioz beterik jaso genuen Ravel obra esperientzia handiko Ensemble L'instant Donné taldearen bitartez. Tito Ceccherini zuzendariaren bitartez, Lazkanok Ravel hautsi, apurtu, zaindu, gozatu eta txartatu egiten du, omenaldi ahaztezin bat izateraino. Etorkizuneko opera hau euskal ondare gorenean kokatu dela aurreikus daiteke, intentsu, sakon, deabrutsu eta zerutar jaso baitzen. Hau bai izan dela Europako Kultur Hiriburutzak lagundu duen proiektu interesgarri bat. Eskerrik beroenak!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.