HAUR ETA GAZTE LITERATURA. 'Istoriorik gabeko ipuin istorioduna'

Irakurlea sortzaile

Idazlea: Iñaki Arranz. Ilustratzailea: Concetta Probanza. Argitaletxea: Elkar.

2016ko ekainaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Liburuez ari den liburu bat da hau, estrainioa: istorio bat kontatzeke, idazlea bere zereginetatik iheska ikusiko duzu. Kontu eske dabil bere buruari «irakurle» deitzen dion pertsonaia, entretenigarria noiz hasiko den galdezka. Aldi berean, idazleak irakurleari mezuak igortzen dizkio, egiten ari dena zuritzeko, eta, gertaera hauek liburuaren istorioa direlarik, istorioak istorioen barruan gertatzen ari direla esateko, kontsolamendurako-edo... Lagun, liburu ezohiko baten bila bazabiltza, hau da zurea.

Muinera begiratuta, irakurketari buruzko hausnarketa proposatzen zaigu, jardunaren oinarrizko ekintzetatik abiatuta —begiak letretan iltzatzetik hasita—, fikzioaren eraikuntzan parte hartzen duten elementuen azaleratzeraino. Xede irakurlea 12 urtetik aurrerako gaztetxoa izanik, sakontasun teorikorik gabeko ariketa xume batzuen kateamendua eskaintzen zaigu, adin horietarako ohikoak diren umorea, ikerketa eta enpatia bilatzen dituzten keinuak erabiliz (irakurketa ez zaiola gustatzen aitortzea, eta abar).

Lehen lerrotik bilatzen du probokazioa, «Ez dut irakurri nahi» batekin, motibazio falta duen irakurlea erakartzeko moduko erronka izango den itxaropenaz. Protagonistak bere ahotik kontatzen dizkigu irakurketarekin dituen penak, eskolan eta etxean derrigortzen dutela, eta tarteka gozaturen bat hartu badu ere, ez duela atsegin, zaila egiten zaiola...

Ondoren, jolasaren bidea hartzen du. Ez narratzaileak sortutakoa, baizik eta liburuak narratzaileari proposatzen diona. Izan ere, haur narratzaile-protagonista liburuaren irakurlea balitz bezala ari zaigu kutxa txinatarrak deitzen den jolasaren bidez, bata bestearen barruan dauden istorioen bidez, azaleko marrazkiak adierazten duen moduan (gogoratzen Xabiertxo mitikoaren azala?). Narratzaile-protagonista, irakurlea denez, istorioaren bila ari da, hasieran pozik ezer irakurtzeko gogorik ez eta halere hiru kapitulu irakurri dituelako, baina ondoren kexaka, ezer ez dela gertatzen, eta soilik bere jarduna gertatzen ari dela esanez. Halako batean liburuan misterio bat dagoela otuko zaio, eta bera ikertzaile detektibe dela. Orduan idazlea pistak ematen hasiko zaio, eta bien arteko dialektika horretan liburuaren amaierara iritsiko gara, tartean ipuin pare bat eta poematxo bat irakurrita, bide batez.

Konturatuko zinen, irakurle, ezohikoa dela proposamena. Egiari zor, gehiago gozatu dut proposamenak irudimenean zabaldu didan bidearekin jolasean, liburuaren irakurketarekin baino, literatur sorkuntza moduan mami gutxikoa iruditu baitzait, finean, hau ez da Queneauren Estilo-ariketak.

Idazleak badu literaturaren aurrean jarrera bera erakusten duen obra bat, Hizkimilikiliklik!, 28 ariketa desberdin laburrez osatuta. Eta badu literatur jolasen bilduma mamitsu bat ere, euskal letretatik jasotako azalpen eta adibide askorekin hornitua, Hitza azti izenburuarekin argitaratua 2006an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.