KRITIKA. Artea

Irudikatzearen boterea

Klaas van Gorkum eta Iratxe Jaio, erakusketan. JON URBE / FOKU.
2023ko martxoaren 14a
00:00
Entzun

'Paperezko inperio baten atlasa'

Artistak: Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkum. Non: San Telmo museoan, Donostian.Noiz arte: uztailaren 28ra arte.

Gutxi izaten dira museo eta erakusketa aretoetan urtebetean mantentzen diren proiektu eta erakusketak —instituzioaren bildumarekin osatutako erakusketa iraunkorrak ez baldin badira behintzat—. Aldi baterako mostren etengabeko ibili frenetikoak gailentzen dira ia beti, eta denbora horien aurka doazen proposamen zenbait gustura hartzen da tarteka. Salbuespen horietakoa da San Telmo museoan gauzatzen den Museo Bikoitza programa.

Programa honen xedea San Telmo museoaren bildumara hainbat hurbilketa ahalbideratu eta irakurketa ezberdinak sortzean datza. Horretarako, urtero, urtebeteko epean artista gonbidatu bat izaten du instituzioak, haren funtsak ezagutu, haiekin lan egin eta ondorio gisara, arte ekoizpen berri bat gauzatzeko hitzarmenarekin, zeina ondoren, bildumaren parte bilakatuko den. Beste berezitasuna zera da, programan parte hartzen duten artistak, artistek berak aukeraturikoak direla, eta ez instituzioak. Hau da, gonbidatu berria, aurretik lanean aritutako artistak proposatzen du, kate gisako bat sortuz. Une honetan, seigarren edizioa da martxan, eta Hinrich Sachs da museoko bildumarekin lanean ari dena, Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkumek egindako izendapenaren ostean. Horrek zera esan nahi du, aurten instituzioan erakusgai dagoen lana bikote honek sorturikoa dela: Paperezko inperio baten atlasa izeneko proiektua.

Proposamena bisitatzeko asmoa izanez gero, museoko ohiko aretoak alde batera utzi beharrean izango zara, San Telmoko kaperaren albo batean baitago instalatua, eta, zinez, hura baino leku egokiagorik nekez egon liteke museoan proiektuaren aurkezpenerako. Museoaren bildumari ez ezik, kaperako hormetako mihiseetan Josep M. Sertek irudikaturiko Euskal Herriaren iraganeko irudi idealizatuarekiko ikuspegi kritiko batez, euskaldunon iraganeko narrazioei ere beste erpin batetik eusteko balio baitu Jaio eta Van Gorkumen proiektuak: gure iragan kolonialari erreparatu eta hari buruz hausnartzekoa.

Bikotea San Telmoko mapen bildumetan oinarritu zen lana egiterako garaian, eta, izenburuak aipatzen duen moduan, mapek lurraldeak, inperioak eta koloniak irudikatu, sortu, materializatu eta gauzatzeko duten ahalmenaren inguruko gogoeta du ardatz. Haien bidez eraikitzen eta sortzen zituzten muga berriak, gerra odoltsuen bidez eskuraturiko lurraldeak irudikatuz, marraztuz eta izendapen berriak emanez. Mapak, azken finean, lurraldeez jabetzeko erabili izan diren tresna inperialak ere izan baitira.

Instalazio xume baina guztiz eraginkor baten bidez, Jaiok eta Van Gorkumek mapa historiko horietara garamatzate. Originalen gainean ikaragarrizko definizioz buruturiko grabaketen bidez, mapetan irudikaturiko lurraldeetan barrena murgiltzen gaituzte. Programa informatiko baten bidez, ausaz, zati ezberdinak proiektatzen dira orri zurizko liburu-atlas baten gainean, mantso-mantso, normalean arretarik jartzen ez dizkiegun arrasto eta zertzeladei kasu egiteko parada emanez: zuntz, kolore, ikur eta izenei. Mapak ezberdin ikusten dira; ezberdin ulertzen dira.

Hain zatikatua agertzen da guztia, hainbesteko hurbilpenarekin eta gertutasunarekin, mapetan lehenik eta behin egiten den hori burutzeko aukerarik ere ez duela ematen: kokatzekoa; zehazkiago begirada eta gorputza kokatzekoa. Nondik begiratzen dut eta nora ari naiz begira? Tarteka, kapritxozko moduan eta mezu ironiko gisara, Mira Por Vos izeneko artxipielagoaren izenen modukoak ateratzen dira. Irribarre egiten duzu, eta izen horiek erabiltzen dituzu zure burua birkokatzeko berriz ere ausazko atlasaren aurrean, zuri hitz egiten ariko balitzaizu bezala, ikusten ari zaren hori interpretatzeko gakoak emanez.

Jaiok eta Van Gorkumek maiz begiratzen diote iraganari beraien proiektuak taxutzerako garaian, bikaintasunez, begirada kritikoz, zorroztasunez eta azkartasunez. Hari begiratzeko, tresna eta zirrikitu berriak eskaintzen dizkigute, haietan murgildu eta orainari beste modu batez erreparatu ahal izateko. Eta proiektu hau ere ez da salbuespena izan. Serten mihiseek ere ez baitziruditen gauza bera esaten zutenik euskaldunon iraganari buruz, museoko itxiera orduak bertatik kanporatu eta kapera uzterakoan begiratu nituenean. Agian, bazen garaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.