Kritika. Artea

Irun-Bilbo-Pekin

2013ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Judas Arrieta

Lekua: Windsor kulturgintza. Bilbo. Noiz arte: martxoaren 1era arte.

Garai ezin hobea da hau Judas Arrietaren lanera gerturatzeko. Urtarrilaren bukaeran Pekingo hirian artista euskaldunentzat antolatu duen egonaldi programaren bosgarren deialdiko hautatuak ezagutu dira; bestalde, bere ibilbidearen 20. urtemuga ospatzeko, Irunen bere lana erakusteko aldi baterako espazioa zabaldu du, 2013ko martxora arte, bere sorkuntzak galeria eta arte espazio mugatuetatik kanpo zabaltzeko asmoarekin. Amaitzeko, eta urtearen hasiera borobiltzeko, Bilboko Windsor Kulturgintza arte galerian haren lanak ditugu ikusgai hurrengo martxoaren 1era arte.

Azken erakusketa honetan, artista hondarribiarrak 2010. eta 2013. urteen artean sortutako lanak ikus ditzakegu. Arrietak berezkoa duen lan prozesuaren emaitzak aurkeztu dizkigu berriro ere, erakusketa pinturan oinarritzen delarik. Formatu ezberdinetako lanak dira, handi, ertain nahiz serie txikiak, eta horien artean hiru dimentsioko formatua ere ikus dezakegu. Haren sorkuntzetan klasikoak diren ezaugarriak bereiz daitezke hasieratik: marrazkiaren erabilera, kapa ezberdinen gainjartzea, grafismo ezberdinak eta kolorearen erabilera neurtua (azken lan hauetan, bereziki).

Artelan bakoitza osatzen duten kapen artean hainbat historia ezkutatzen dira, asiar kultura, fikzioa, tradizioa eta Mendebaldeko kulturaren barruan sailkatzen ditugun irudi eta hitzak. Arrietaren lanetan artearen historian garrantzizkoak izan diren aztarnak aurkitzen ditugu: XIX. mendeko artistek ekialdeko kulturaren partetik jaso zuten eragina eta telebistaren eta komikiaren munduarekin lotzen den pop kultura. Guztiak, manga mundutik datozen irudien gainezartze neobarroko eta hibridoan oinarriturik. Hibridotasun hori teknika eta motiboen nahasketatik sortzen da; marraztu eta pintatzeko orduan Mendebaldeko prozesuak jarraitzen baditu ere, erabilitako motiboak Ekialdeko kulturatik hartutakoak dira, eta nahasketa horretan gaur egungo kultura globalaren ezaugarriak ikus ditzakegu. Arrietaren lanaren inguruan hitz egiteko orduan, batek baino gehiagok kaotikoa ezaugarria erabili izan du, eta ez dut uste ezaugarri zehatza denik. Irudi nahiz grafiak bata bestearen gainean pilatzen dira, baina ez dira nolanahi kokatzen. Margoa osatzen duten forma, lerro eta koloreak era egoki batean eraikitzen dira, eta ondo neurtutako prozesu baten bitartez, artelan orekatuak aurkezten dira.

Ekialdeko artista garaikideen lana aztertzen denean, bereziki Japonia eta Txinako artisten lana, globalizazioa dela eta, Mendebaldeko kulturak haiengan izan duen eraginaz hitz egiten da, kutsadura horren bitartez sortzen den erdibideko nahasketa bereziaren balioa aztertuz. Judas Arrietaren kasuan bidaia alderantzizkoa da, Mendebaldeko kulturaren eraginpean hazitako gazte batek telebista eta komikiaren bidez jasotako ekialdeko kulturaren eragina eta miresmena antzematen da, iturri ezberdinen bitartez jasotako eraginaren prozesatzean oinarritu baitu ibilbide oparoa. Asiaren historia eta kulturaz hitz egiten digu mendebaldeko pertsona baten ikuspuntutik, kulturen arteko loturaren bitartez sortzen diren arazo nahiz aberastasunak azaleratuz. Arrietaren lanetan ez dago legerik, Ekialdea eta Mendebaldea nahasten dira, eta nahiz eta bere lanetan, besteak beste, Goku, Doeramon eta Pikachu pertsonaiak agertzen diren, benetako protagonista artista bera da. Hark ezartzen ditu bere artelanen legeak, sortzen duen fantasiazko mundu berri horrek artista beraren bizitza eta sentimenduak deskribatzen dizkigu, txikitatik gordetako emozioak azalduz.

Arrietaren ibilbidea ikusgarria izan da, eta 70eko hamarkadan jaiotako euskal artista talde oparoaren parte dela esan dezakegu. Bere ibilbide artistikoari begirada azkar bat emanez gero, bakarka besteak beste, Madril, Bartzelona, Sevilla, Valentzia, Donostia, Zaragoza, Marugame, Pekin eta Helsinkin erakutsi du bere lana. Taldeka parte-hartutako erakusketen zerrenda, berriz, amaigabea da. Bilduma publiko eta pribatuek haren hainbat lan eskuratu dituzte azken urteetan.

2005.urtean, bere ibilbideari jarraipena atzerrian ematea erabaki zuen, eta hark emandako pausoari esker, ordutik hainbat euskal artistak Pekingo arte mundua gertutik ezagutzeko aukera izan dute, eta baliteke hemendik gutxira artista txinatarrak ere Euskal Herrira hurbiltzea. Interesgarria izango litzateke kontrako bidearen emaitzak ezagutzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.