KRITIKA. Artea

Ispiluen bidean oinez

Gentz del Valleren obra, Iruñean, Nafarroako Museoko kaperan. IDOIA ZABALETA / FOKU.
2021eko maiatzaren 25a
00:00
Entzun

'Basati / Salvaje/ Wild'

Artista: Gentz del Valle. Non: Nafarroako Museoko kapera. Noiz arte: 2022ko martxora arte.

Edertasuna ene aitzinean, oinez noa ni...». Hori da aretoan sartu aurretik hartutako eskuorrian irakurri dudan lehenengo esaldia. Navajoen gau kanta bat da, hain zuzen ere, Gentz del Vallek bere erakusketan barrena gidatuko gaituen testuaren parte dena. Halatan, oinez noalarik, Nafarroako Museoko kapera hartu duen erakusketan sartu naiz: Basati / Salvaje / Wild.

Museoak sustatutako Arte oro garaikidea da proiektuaren barruan dago erakusketa, zeinak azkeneko hamarkadetan ekoiztutako artisten lanak publikoari gerturatzeko helburua duen. Gisa horretan, duela gutxira arte Celia Eslavaren lana bildu zuen kaperak orain Gentz del Valle artista bizkaitarraren proiektua biltzen du.

Tamaina txikiko erakusketa da, bistaratzeko denbora asko eskatzen ez diguna. Bada, zoru gainean oin bat bestearen aurrean mugitzen dugun heinean, jaiotza, bizitza eta heriotza uztartzea gauzatzen duen prozesu sakonean murgiltzen gara. Espazioan integratzen diren euskarriak askotarikoak dira: oihalak, ikus-entzunezkoak, pinturak, eskulturak… Eta denek era orekatuan esku hartzen dute espazioan. Kaperaren elementuekin integratzen dira, eta haren parte diren bi elementuk ezarriko dute erakusketaren ardatz tematikoa: bataiarria eta zoruan ezarritako hilarria.

Espazioan aurrera egin ahala, lurrean isuritako ispilu jario batek gidatzen gaitu. Bataiarritik abiatzen da ispiluz egituratutako ibilbidea, eta hori izanen da erakusketaren zirkuitua markatuko duena. Instalazioak, zirkuitua zehaztearekin bat, espazioarekiko perspektiba eraldatzen du guztiz, era oso eraginkorrean ispiluen isla izatera mugatzen baitira murruak, sabaia eta erretaulak. Honenbestez, espazioaren horizontaltasunak haren altuera gainditzen du, eta, koreografia hartan, gorputzak bat egingo du zoruarekin.

Ispiluek askatzen gaituztenean, begirada zorutik altxatu eta erakusketaren espazioa bitan banatzen duten oihalak ditugu pare-parean. Perspektiba eragozten duten oihalok bat-bateko bizia ematen diote ibaien isuriak sorrarazten duen erritmo geldoari. Oihalen gainean isuritako tinta gorriak haren zuritasuna urratzen du. Nolabait ere, bizitzea esan nahi duen prozesuan gauzak gertatzen dira, geure istorioei kolorea emanez.

Erakusketaren espazioak zehaztu duen bideak behartu egiten gaitu oihalek sortzen duten murrua zeharkatzera. Espazioaren nortasunarekin era oso orekatu eta eraginkorrean integratzen den instalazioa egituratzen da bertan. Ispiluak mantentzen dira, baina atmosfera bestelakoa da: gauarekin, iluntasunarekin, heriotzarekin… lotutako konposizioak hornitzen dute hura. Alabaina, gai horiek sor dezaketen kutsu tetrikoa arnastu ezean, bertan sumatzen dena misterioa da.

Ildo hari jarraikiz, bideak hilarrirantz gidatzen du ikuslea. Haren inguruan sortzen den instalazioa guztiz deigarria da. Sabaian zintzilikatutako egitura zuri bat islatzen da zoruko ispiluetan, zeinak sugeen azalaren aldatzeari erreferentzia zuzena egiten dion. Halaber, instalazioaren kutsu poetikoa ez da egitura hartara mugatzen, hilarriaren gainean museoak daukan hezurdura aurkezten baita. Eta, beirazko bitrina baten barnean dagoenez, haren itzalak hilarrian islatzen dira. Esku hartze horren eraginkortasuna ukaezina da, espazioaren ezaugarri propioak indartuz hainbat eta hainbat irakurketa egitera bideratzen baikaitu.

Nahiz eta erakusketaren muina kaperan dagoen, oraingoan erakusketa ez da espazio hartara mugatzen. Museoaren bigarren plantara gidatzen gaitu erakusketak. Pintura gotikoak biltzen dituen espazioan, Del Vallek ehundutako eta margotutako bionboa integratzen da. Arte garaikidea eta museoaren parte diren beste garaietako piezen sinbiosia gauzatzen da.

Eta han, Erdi Aroko pinturak bere garaia utzi, eta adierazpen artistiko garaikideak bihurtzen dira. Edo, alderantziz, pintura gotikoz inguratutako ohialezko bionboa artearen historian atzera egin eta Erdi Aroan sortutako pinturen parte bihurtzen da?

Pausoz pauso erakusketa atzean uztera noalarik, hasieran irakurritako Navajoen gau kantaren azkeneko esaldiak biltzen nau oso-osorik: «Edertasuna ene inguruan, oinez noa ni...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.