KRITIKA. Musika

Itsasoa ez dago laino

Arkaitz Mendoza.
2018ko ekainaren 5a
00:00
Entzun

Euskal Barrokensemble

Musika taldea: Bilaka Kolektiboa. Abesbatzak: Orfeoi Txiki eta Gazte. Zuzendaria: Enrike Solinis. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Ekainaren 3a.

Itsasoan barrena, lehenengo olatua edo bigarrena, dena kontrolpean zuen gure nabigatzailerik zaharrenak: Juan Sebastian Elkanok. Ura, haize korronteak, trumoiak, misterioa eta une oro gehiago nahi duenaren desio kutsakorra hiruzpalau aldiz handiagoak dira Enrike Solinis musikariaren euskal musika taldean. Elkanoren 500. urteurrenarekin bikain lotu ditu musika, betiko euskal kantak munduan barrena ezagutzen ziren melodia herrikoiekin tartekatuz. Solinisek moldaketa interesgarri batzuekin aurkeztu ditu zorabioz beteriko XVI. mendeko erritmo basatiak eta melodia lau baina abesgarriak. Beti bezala, haren inguruan hasi eta amaitzen dira inprobisazio, sorkuntza eta kanta ulu guztiak, eta geruza melodiko aberatsak ekoizten perkusio eta harizko instrumentuarekin.

Miren Zeberioren arku trebezia eta emanaldiak behar zuen perkusio jotzaileen erritmo pultsu neurtua txalogarriak izan ziren, eta, Orfeoi Gaztearen ahotsekin batera, bizi grinez kutsatu zuten auditoriuma. Josean Bengoetxea aktorearen hitzak aproposak izan ziren kontakizunaren haria ez galtzeko, eta hasierako ohiko hoztasuna giro bero bilakatu zen. Abeslari seikotean izenak falta zitzaizkigun eskuko egitarauan, Loa loa kantako bakarlaria zoragarria izan baitzen. Bitartean, EnrikeSolinis bere saltsan zebilen, ekoiztutako produktuaren emaitza buru-belarri disfrutatzen, gidari eta protagonista izanik. Iraupena gehiegitxo izan zen; kontaketaren haria hobeto jasoko litzateke dena jarraian jaso daitekeen ordu eta erdiko ikuskizun batekin, ohiko atsedenaldirik gabe, eta harahor entzule dezenteren tamalezko ihesaldiaren arrazoia. Solinisek aurrez aurre jartzen ditu hasieran konexiorik gabe azaltzen diren bi mundu, eta nabigazioaren eta musikaren arteko aire eta ahaireak zirrara gozoan jaso ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.