Kritika. Musika

Jazz-hip-hop

2024ko urtarrilaren 21a
05:05
Entzun

'flowers in the dark'

Taldea: Kofi Flexxx. Diskoetxea: Native Rebel Recordings.

Urtarrila hilabete aproposa izan ohi da disko zaleontzat, sarean barreiatuta hedatzen diren urteko lan onenen hamaika zerrendetan makina bat sorpresa aurkitzen baitugu; izan ere, ezinezkoa da urtean zehar zabaltzen den musika uholde osoan murgiltzea eta blaitzea. Hartara, sailkapen horiek gida egokiak bilakatzen dira disko ezezagun eta txundigarriak aurkitzeko, arakatze lan hori norberaren mugek baldintzatzen duten arren, denborari, ezjakintasunari, ezintasunei... lotutako mugek.

Bilaketa arduratsu horren ondorioz, 2023an, hip-hoparen esparruan izugarrizko harribitxiak zizelkatu direla esatera ausartzen naiz —ez da bereziki menderatzen dudan musika eta kultura bat, baina aitortu behar dut gozatzen ari naizela soinu horietan hondoratuta, nire ezezagutza gorabehera—. Zerrenda luzea da, luzeegia seguruenik, baina batzuk aipatzearren: Larry June & The Alchemist, The Great Escape; Billy Woods & Kenny Segal, Maps; El Michels Affair & Black Thought, Glorious Game, André 3000, New Blue Sun eta Armand Hammer, We Buy Diabetic Test Strips.

Horiek guztiek ausardia aparta erakusten dute hip-hop erritmoak bestelako sonoritateekin uztartzeko, gehienetan musika iluna, sustraiduna eta abangoardiakoa erregistratzeko. Askotariko musika-saltsa horietan, behin eta berriz agertzen da jazza osagai komun gisa, eta orriotara ekarritako Kofi Flexxx musikari britainiarraren proposamena eremu horretan kokatzen da; hain zuzen, hip-hoparen eta jazzaren arteko zulo abisalean, amaierarik antzematen ez zaion fosa itzaltsuan. Kofi Flexxx izengoitiaren atzean Sons of Kemet jazz taldeko lider Shabaka Hutchings ezkutatzen da —azalean maskararekin mozorrotuta agertzen da—. Saxo tenorra, bere ohiko instrumentua, bazterrean utzi duenetik, hainbat saltsatan sartu da; besteak beste, Flowers in the Dark ekoitzi du eta Native Rebel Recordings diskoetxea abiatu du.

Musikaria hainbat lagunekin elkartu da estudioan: besteak beste, aurretik aipatutako Billy Woodekin, diskoan bildutako bederatzi doinuak sortzeko, inprobisazioaren bidetik. Grabazioak izaera hedagarria eta askea du, eta maiz jazz espiritualaren eremuetara egiten du salto, flautak lagunduta, Speakers Corner Quartet taldeko Ross Harris. Kutsu atmosferikoa ere erakusten du Loreak iluntasunean honek, entzulea esparru onirikoetara eramateko ahalmena haizatzen baitu. Hala, batzuetan giro industrialak antzematen dira (Apothecary) eta besteetan, aldiz, karibetarrak loratzen dira (It Was All a Dream). Halaber, kontrabaxuaren kolpeek bultzatuta abiatzen den By Now doinuak musikariaren aurreko proiektuetako ezaugarriak erakusten ditu: haize errepikakor eta dantzariak, piano jostalari eta sinkopatuak, eta Anthony Joseph poetaren ahotsa.

Horiek horrela, Kofi Flexxxen lana jazz edo hip-hop disko bat baino gehiago, esperientzia bat da, askotariko soinuetan, giroetan eta erritmoetan murgiltzeko jauzia, zeinetan abangoardia eta esperimentazioa tradizioarekin uztartzen diren, muga oro hankaz gora jartzeko asmoz. Halere, entzuleak bertigoa sentitu dezake amildegi ilun honetan, baina laster sorginduko du Kofi Flexxx xamanak entzulea, bere amarru, pozoi eta aztikeriak tarteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak