Donostiako 71. Zinemaldia. Sail Ofiziala. KRITIKA. Sail Ofiziala

Jesu Kristo, non zaude?

urtzi urkizu
2023ko irailaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00

'La Mesias' telesaila

Zuzendaria: Javier Ambrossi, Javier Calvo. Aktoreak: Macarena Garcia, Albert Pla, Roger Casamajor, Carmen Machi. Herrialdea: Espainia. Iraupena: 123 minutu.

Azken urteotan zale ugari ari dira pilatzen Javier Ambrosi eta Javier Calvo sortzaileak. Haien azken lanak baditu lehendik egin dituzten obra batzuen ukitua eta kolorea; esaterako, La llamada (2017) filmetik kristautasuna eta musika uztartzeko grina antzematen da. Eta, bestetik, istorioaren kontakizunean feedbackekin jokatzeko eta protagonisten haurtzarora eta gaztarora joateko aukera hartzen du Veneno telesailetik (2020). La Mesías telesail berriak bi egileen ohiko estiloa du, nahiz eta nabari zaien ahalegina narrazioaren forman aurrerapauso batzuk emateko. Erritmoa egokia da, kontakizunak arreta pizten du, eta gidoiak ez du pitzadura handirik denboran atzera eta aurrerako joan-etorri horretan. Eta hori lortzen dute minutu askotan; izan ere, atal bakoitza ordubetetik pasatzen da.

Aktoreen artean, La llamada-ko protagonista ageri da: Macarena Garcia. Badu bere pertsonaiak iragan traumatiko baten aztarna zainetan. Roger Casamajor aktoreak egiten du haren anaiarena, eta sinesgarritasunez betea da haren interpretazioa ere. Baina denetan indartsuena Albert Plak jokatzen duen pertsonaia da: muturreko kristautasunean sinesten duen katalan bat da; Opus Deiren heziketa ematen diete etxetik irten ezinik utzi dituzten alabei.

Neska horiek, gero, pop kristauko musika talde berezi bat sortuko dute. Haien bideoklip bizarroak biralak bilakatuko dira. Eta haien bila ibiliko da anaia zaharrena, iraganeko infernuen pentsamenduak burutik kendu ezinik. Osagai estralurtarrak ere tartean sartzen dira. Kontua da fantasiazko parte horrek baino harridura gehiago sortzen dutela Jesu Kristo, non zaude? leloko bideoklip kristau txundigarriek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.