Kritika. Musika

Kalean gora, kalean behera

Arkaitz Mendoza.
2013ko martxoaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
EOS

Zuzendaria: Joana Carneiro.

Pianista: Rafael Blechacz. Lekua: Donostiako Kursaal auditorioa.

Eguna: Martxoak 20.

Donostiako Egia auzotik Easo kaleko Musika Kontserbatoriora joateko zenbait kale, kantoi eta bazter zeharkatu behar ditut egunero. Lantokira iristeko, Isabel Mundry konposatzaileak adierazten duen bezala, hiriko kaleak amets bihurtzen dira, baten usainak bestearen itxaropena eraldatuz. Nire etxeko atalondoa igaro eta gero, hor agertu zitzaidan Joana Carneiro zuzendari portugaldarra besoak basatiki astintzen. Estolda zulotik irensten den haize barrunda hiri azpiko soinu bilakatu zen Euskadiko Orkestran zuzendariaren keinu basati eta handikietan. Leuntasun sentsazioa adierazkortasun ikaragarriz iragarri zuen Carneirok, musikaren esanahia guztiz galduz.

Atalondotik lantokira hamabi minututan iristen naiz oinez, abiadura egokian. Ibilaldi horretan denda ugari antzematen dira, horra hor nire bizilagun jakintsuaren fruitu denda. Agure horrek sormena sobera du, eta, etekin handiko enpresa bat eraiki beharrean, lagun baten mesedeko dendatxoa gidatzen ari da, gizaki aproposa leku desegokian. Rafael Blechacz pianista Frederic Chopinen musika jotzeko jaio da, ez Beethoven ez Mozart ez Ravel. Chopin guztiz menderatzen du. Bis modura eskainitako Bals pieza ikaragarria izan zen, aurreko urteetan Donostian eskainitako errezitaldi oparoen neurrikoa. Blechacz Chopin da, ezin zalantzan jarri.

Maria Kristina zubia igarotzeko Beethovenen Sinfonia bat plazaratu zen. Euskadiko Orkestrak, musikari talde askok bezala, buruz dakizki alemaniarraren sinfoniak, orduan egunero begiztatzen dudan zubi donostiarrari zer gehi geniezaioke? Non ote gakoa? Zuzendarian. Carneiro bultzaka hasi zen, gorputz konkortuak ez zion mesederik egin eta musikariek ez zioten jaramonik egin. Arreta falta pairagarria izan zen uneoro, egunero entzun daitekeen Sinfonia txepel bat eskainiz, bereizgarririk gabe, podiumean karisma falta. Easo kaleko Musika Kontserbatorioa hurbil nuen jadanik, gaur ez dut ezer ikusgarririk nabarmendu lantoki bidean, kalean gora, kalean behera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.