Broken Brothers Brass Band. 'Ildoa landuz'

Kalera dantzara

Andoni Tolosa.
2016ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Diskoetxea: Errabal Jazz.

Urte luzez elkarrekin jotzen ibili gara, New Orleanseko brass band taldeen musika sakonki ikasi eta xurgatuz. Lehen diskoa (The Life We Deserve) horren erakusgarri izan zen. Bigarrenean (In the Mud), ahots propio baten bila hasi zen. Oraingoan, ahots hori definituago dago, eta handiagoa da; halaber, ari den bide baten une bat da». Honelaxe azaldu du Ion Celestinok Entzun aldizkarian Broken Brothers Brass Band taldearen azken lana: Ildoa Landuz. Eta egia da, Brass Band estiloaren irakurketa gutxi gorabehera fidela, gutxi gorabehera duina baino gehiago da Iruñekoek hirugarren honetan egiten dutena. Eta zorionekoak gara kale musikaren indarraren zale guztiak. Mayaren ondorengo Iruñea eta Katrina ondorengo New Orleansen arteko zubi berria ospatzeko moduan gaude.

Horrela da, diskoa hasi berritan, tuba, tronpeta, saxo eta helikoien artean, bat-batean Lore Etxean agertuko da. Bale, oso ongi, lapurtu digute bihotza. Dantzara, kalera, goazen, horixe da musika honen misterio bakarra, hemen, Londresen, Moskun edo Barañainen, eta Balerditarren okupazioaren aldeko himnoarekin bada, askoz ere hobeto. Diskoak aurrera egiten du hip-hop ukituen eta musika beltzaren fereken artean, eta lanaren une gailenetako bat iritsiko da, ustekabean, Nafarroan ireki den garai itxaropentsurako himno ezin aproposagoa izan daitekeen Cabezafuegos Second Line-rekin. Bada zer ospaturik, baina, badaezpada ere, segidan betiko Iruñea kanaila hori agertuko zaigu Tijuana In Blueren lelo eterno horietako batekin: «dantza zure botilarekin». Zuek bai, iruinseme-alaba benetakoak, izan ziur, dagoeneko lapurtu diguzue gogoa.

Badira entzuteko diskoak, badira hausnartzekoak, badira amets egiten laguntzen dutenak, eta badira dantzan jartzen zaituztenak. Hirugarren kategorian kokatu beharrekoa da hau. Nabarmena da Gumbo Ibaiertzean bikainaren ukitu latinoekin edo koro herritar batek kantatuta eta plaza batean grabatuta dirudien Edan Pozoi Hau kutsagarriarekin. Kalea musika ulertu eta disfrutatzeko modu bat ere bada, eta horretarako gonbidapen ona daukazu disko honetan.

Teknikoki, konpetenteak dira, ongi mamitua dute musika beltza. Horrek, ordea, ez du zertan aski izan, hau generoko diskoa baita. Baina badu honek kalkamonia hutsaren gainetik jartzen duen txixpa eta umorea, eta komunitatean ongi errotuta dago. Horrek egiten du esanguratsu, eta turistentzako hamaika kopia merkeen gainetik, beste maila batean kokatzen du Broken Brothers Brass Banden azkena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.